Adimen artifizialean trebatzeko ikastaroak eskainiko ditu Gasteizko Udalak udazkenean

Erredakzioa 2024ko ira. 17a, 09:33

Adimen artifizialarekin sorturiko irudia. Argazkia: Pixabay

Irailetik azarora bitartean adimen artifizialaren erabilera ugaritan trebatzeko ikastaroak eskainiko ditu udalak, enpresetako prozesuak optimizatzera begira.

Astearte teknologikoak jardunaldietan enplegurako prestakuntza ugari eskaintzen du Gasteizko Udalak, enpresen beharretara egokituta. Udazken honetan, adimen artifizialari eskainiko dizkiote hainbat saio, eta norbanakoek zein enpresek hurbildu ahal izango dute, doan, ikastaroak jasotzera.

Logistika optimizatzeko adimen artifiziala, AA sortzailea erabiltzea edota zure ChatGPT propioa eraikitzea izango dira landuko diren edukietako batzuk. Enpresek eskatzen dituzten profil berrietara egokitzeko aukera eskaini nahi du udalak, Lanbidek finantzatuta.

Irailetik azarora bitarte tailer bat izango da bi astean behin, astearteetan 16:00etatik 17:30etara, irailaren 24an hasita. Sarrera doakoa da, baina izena eman beharra dago aurrez, eta berrespena jaso, leku kopurua mugatua baita. Streaming bidez izango dira ikastaroak, bideokonferentziaz. Izena eman dutenei esteka bidaliko diete jarduerara konektatzeko. Hemen sakatuta eman daiteke izena norbanako gisa, eta enpresa batek izena ematekotan, hemen eman behar du informazioa.

Ibilbide luzea du Astearte teknologikoak zikloak, eta dozenaka ikastaro eman dituzte urteetan zehar. Orain arteko tailerretan banatutako dokumentazioa eskura dago kontsultarako. 2016tik gaur egunera arteko ikastaroak biltzen dira webgunean, denetik aurkitu daiteke bertan.

Adimen artifizialari buruzko ikastaroak:

Irailak 24 Nola erabili AA stocka eta logistika optimizatzeko:

Egun dauden algoritmoei buruzko kontzeptu mapa bat egingo da, eta erabilera kasuak aztertu. Machine Learning eta AA algoritmoen bidez enpresetako prozesu ugari optimizatzeko.

Urriak 8 Deep Learning datuen analisirako, PLNrako eta ikusmen artifizialerako:

Deep Learningak eskaintzen dituen aukerak zabaltzeko ikastaroa. Datu tabularrak dituzten sistema prediktiboak, hizkuntza naturalaren prozesamendua eta ikusmen artifiziala landuko dira.

Urriak 22 Adimen artifizial sortzailea:

AA sortzailearen ezaugarri nagusiak aztertuko dira, bai eta AA sortzaileari ematen zaizkion beste ikuspegi batzuekiko desberdintasunak ere. Gainera, AAren garapenak dituen erronka nagusiak jorratuko dira, hala nola alborapen algoritmikoa, datuen pribatutasuna eta enpleguan duen eragina.

Azaroak 5 Chat GPT eta beste AAen lan inguruneko aplikazio praktikoak:

Ikastaro honetan ikuspegi zehatza emango dute AAeko teknologien aplikazio praktikoari buruz, Chat GPT lan ingurunean. Benetako erabilera kasuak aztertuko dira, eta baita AAk duen eragina bezeroari arreta ematean eta edukia sortzean hartzen dituen erabakietan.

Azaroak 19 Sortu zeure Chat GPT propioa:

Aplikazio espezifikoetarako Chat GPTaren bertsio berezia sortu eta pertsonalizatzen ikasteko tailerra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago