Tuvisako lineetan aldaketak izango dira gaurtik aurrera

Erredakzioa 2024ko ira. 16a, 09:07

Tuvisako autobusak. Argazkia: Gasteizko Udala

1, 3, 5, 6, 7 eta 9 lineetan izango dira aldaketak, eta batez ere Salburua eta Goikolarra auzoei eragingo diete. Tuvisako langileekin adostutako hobekuntzak dira, Iñaki Gurtubai presidenteak esan duenez.

Gaur, irailaren 16an, Tuvisaren linea ugarik aldaketak izango dituzte, Gasteizko Udalak jakinarazi duenez. Hiriko autobusetako erabiltzaileen %40 baino gehiago biltzen dira aldaketak izango dituzten lineetan. Zerbitzu hobea emateko asmoarekin egin dituzte aldaketak, bereziki Salburua eta Goikolarra auzo berriei.

Iñaki Gurtubai Tuvisako presidenteak adierazi du hainbat tokitan ibilbideak zabalduko direla, geraleku berriak sortu eta maiztasunak hobetuko direla. Langileekin adostuta eta herritarrek egindako ekarpenei arreta emanda egin dituzte aldaketok, Gurtubairen esanetan.

Azken hilabeteetan ere aritu dira lanean Tuvisaren zerbitzuan. Hainbat markesinaren tokia aldatu dute, gidarientzako komunak birkokatu egin dituzte geraleku berrietan, eta aldaketa informatikoak egin dituzte sareak "behar bezala funtzionatzen duela" erregulatzeko sisteman.

Hauek dira astelehenetik aurrera emango diren aldaketak:

3 eta 9 lineak - Betoñu-Goikolarra eta Gamarra-Goikolarra

Maiztasun handiagoa izango dute Goikolarran. Auzoaren hazkundeari erantzuteko, Goikolarrarako zerbitzua areagotuko da. 3 eta 9 lineetako autobusen koordinazioa aldatuko da, Goikolarrara bidaia gehiago heltzeko eta Asparrena kalea hartu dezaten ibilbidean zehar. Orain arte 20 minutukoa den maiztasuna 10 minutukoa izango da aurrerantzean.

Bi lineen izenak ere aldatuko dira, auzo elkartearen eskarari erantzunez. Orain arte Betoñu-Zumakadi eta Gamarra-Zumakadi ziren lineak Betoñu-Goikolarra eta Gamarra-Goikolarra deituko dira hemendik aurrera. Duranan ere izango dira aldaketak, bertako bi geltokiak bateratu egingo direlako, 9. linearen abiadura handitzeko asmoz. Azkenik, Asparrena kalean geltoki berria jarriko da laster, Bustaldea kalearen bidegurutzean.

5 linea - Salburua-Elejalde

Ibilbidea luzatu da eta geltoki berriak jarri dituzte Arkaiaten. Orain arte Brusela hiribidea / Elorriagako atea geltokian amaitzen zen 5. linea ekialdetik. Orain Arkaiatetik luzatu da ibilbidea, Gabriel Martinez Aragon kalean, eta bi geltoki berri sortu dira.

6 linea - Zabalgana-Arkaiate

Geltoki berria izango da laster Madril kaletik Done Jakue hiribidearen igoeran, erdialderanzko norabidean.

7 linea - Borinbizkarra-Salburua

Ibilbide berria izango du Bake kalera arte, Salburuko bulebarrean tranbiaren ibilbidearekin batera joatea saihesteko. Bake kaletik Posta eta Olagibel kaleen arteko geltoki berri batetik egingo du ibilbidea, eta zerbitzu hobea eskaini nahi dute hala Santiago Ospitalea eta El Corte Ingles inguruan.

1 linea - Zirkularra

Larunbatetan ordutegi berriak izango dira, amaierako geltokietako irteerak puntualagoak izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago