Liburu merkeak salgai Gasteizen irailean zehar

Erredakzioa 2024ko ira. 13a, 13:41

Merkealdi eta okasioko liburuen azoka, aurreko urtean. Argazkia: Gasteizko Udala

Euro batetik aurrera erosi ahal izango dira liburuak Urrezko Zeledonen plazan. "Digitalak goraldia izan duen arren, inoiz ez dugu paperezkoaren ordezkorik lortuko".

Gaur abiatuko da merkealdi eta okasioko liburu azoka, 38. aldiz Gasteizen izango dena. Irailaren 29a arte hamalau postu izango dira Urrezko Zeledonen plazan, Correos parean. Merkatutako liburuak egongo dira salgai, euro batetik gorako salneurriekin.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako postuak egongo dira, eta baita Katalunia eta Madrildik etorritakoak ere, besteak beste. Euskadiko Liburu Ganbarak antolatu du azoka, Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.

11:00etatik 14:00etara goizez, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez, altxorrak aurkitzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak adierazi du "liburuak prezio onean topatzeko eta deskatalogatuta dauden liburuak aurkitzeko aukera bikaina" dela azoka. Era berean, paperezko liburuen garrantzia azpimarratu du zinegotziak: "arlo digitalak goraldia izan duen arren, inoiz ez dugu antzeko ordezkorik lortuko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago