Disport Eki, lehengo lepotik burua

Erredakzioa 2024ko ira. 15a, 17:04

Disport Eki enpresako langileek 2023an egindako mobilizazioa. Argazkia: ELA

Gasteizko kirol zerbitzuetako langile batzuk ez dute soldatarik jaso hilabeten honetan, berriro ere. Hartzekodunen aurrekonkurtsoan jarraitzen du Disport enpresak.

Ikasturte berriarekin, Disport enpresa eta langileen arteko gorabeherek gertakari berri bat ekarri dute. Bost langilek, gutxienez, ez dute jaso hilabete honetako soldata, berez hilaren 7an jaso behar zutena. Ezaguna da egoera Disporteko langileentzat, greba eta protesta ugari egin baitituzte azken urteetan zehar, enpresaren arduragabekeria salatuz

Hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen Disport Eki maiatzean, eta adierazi zuten langileen nominek lehentasuna izango zutela. Hala ere, hartzekodunen konkurtsoan sartu arte enpresak jarraitzen du dirua kudeatzen, eta hilabete honetan langile batzuei ez ordaintzea erabaki du.

ELAko hiru ordezkari sindikal daude soldata jaso ez duten pertsonen artean, eta "mendekua" salatu dute, "ordezkari aktiboak" izan direlako enpresarekin izandako gatazketan. Udalarekin bildu dira langileen ordezkariak, baina oraingoz ez da egoera aldatu. Gasteizko Udaleko ordezkariek adierazi diete abokatuarekin hitz egiten daudela, egoera "onartezina" delako.

Hilabete bukaera arte ez da hartzekodunen konkurtsoan sartuko Disport Eki, eta hor alda daiteke egoera. Hala ere, aurrekonkurtsoaren luzapena eskatu dezake enpresak, beraz, "aldaketarik ezean, Disportekin jarraituko" dutela jakinarazi dute langileek.

Datorren astean langileen asanblada egitekoak dira, egoeraren aurrean zer egin erabakitzeko. Ohikoak bilakatu dira Gasteizko kirol zerbitzuetako enpresa honen aurkako mobilizazioak, eta gehiago etor daitezkeela aurreratu dute langileek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago