Gabarain, Botto eta Casablanc igoko dira Nazioarteko Antzerki Jaialdiko oholtzara

Erredakzioa 2024ko ira. 12a, 17:33

Ane Gabarain, 'Todas las hijas' lanean. Argazkia: ERRE Produkzioak

Principal itxita, Gasteizko antzoki desberdinetan izango dira aurtengo 37 ikuskizunak; horietatik sei baino ez dira euskaraz.

Beste urte batez, leku eskasa izango dute aurten euskarazko lanek Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian. Sei ikuskizun baino ez dira izango euskaraz, 37ren artean. "Jaialdiak bere funtsari eta oinarriari eutsiko die eta generoen, formatuen eta publikoen arteko oreka mantenduko du, proposamen arriskutsuekin eta beste proposamen konbentzional batzuekin", nabarmendu du Sonia Diaz de Corcuerak jaialdiaren aurkezpenean. 

Urriaren 17tik abenduaren 15era bitarte, besteak beste, Ane Gabarain, Juan Diego Botto, Malena Alterio eta Pedro Casablanc izango dira taula gainean, eta Andres Lima, Sergio Peris Mencheta edota Daniel Veronese zuzendarien obrak eskainiko dituzte. Espainia, Frantzia Uruguai, Eslovenia, Italia eta Norvegiatik iritsiko dira aurten dantza, antzerki eta beste adierazpide batzuk biltzen dituzten lanak. Tokiko sorkuntza eszenikoaren aldeko apustuak "oso sendoa" izaten jarraitzen duela gogoratu dute. eta guztira Euskal Herriko 18 proposamen egongo dira ikusgai, programazioaren ia erdia.

Ikuskizunak Felix Petite antzokian (18 ikuskizun), Jesus Ibañez de Mataukon eta Federico Garcia Lorcan (10, bien artean) eta espazio ez-konbentzionaletan (9) eskainiko dira.

Irailaren 23an salmenta

Jaialdirako sarreren aldez aurreko salmenta irailaren 23an hasiko da Principal antzokiko leihatilan eta bertan egongo da hiru egunez 16:00etatik 20:00etara. Ondoren, Plaza Berrira aldatuko da kokalekua. Zehazki, urriaren 1etik aurrera, sarrerak turismo bulegoan erosi ahal izango dira, asteartetik ostiralera 16:00etatik 18:00etara eta larunbatetan 11:30etik 13:30era. Onlineko eta telefono bidezko salmentan (945 16 10 45) eta deskontuetan ez da aldaketarik izango. Prezioa 15 eta 20 euro artekoa izango da.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago