Antzinako Hospizioaren egoeraz ohartarazi dute

Erredakzioa 2024ko ira. 11a, 11:55

Eraikinaren egoeraren gaineko kezka agertu du Elkarrekinek. Argazkia: IREKIA

Elkarrekinek salatu du osasun zentroaren irekiera "geratuta" dagoela, eta fatxadaren egoera ez dela ona.

Gasteizko Alde Zaharrean dagoen Antzinako Hospizioaren egoerari buruzko kezka agertu du Elkarrekin udal taldeak, eta bertan osasun zentro bat jartzeko proiektua "geratuta" dagoela ohartarazi du. 

Eraikinak elementuen askatzeak izan dituela esan du koalizioak. Zehazki, harekin horma partekatzen duen San Prudentzio zaharren etxeko atzeko aldean dagoen fatxadan izandako elementuen askatzearen berri izan du Elkarrekinek, koalizioak ohar batean gaur zabaldutako informazioaren arabera. Askatze horiek direla eta, suhiltzaileek esku hartu behar izan dutela ezagutarazi dute.

Erorketa uda aurretik geratu zen, eta txosten batean jasota geratu zenez, suhiltzaileak konturatu ziren erlaitzaren eta fatxadaren zenbait puntutan "nahikoa narriadura" zegoela, eta fatxada "ezegonkorra" zegoela. Beraz, une horretan bertan hainbat konponketa egin zituzten suhiltzaileek.  

"Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenaren idazketan ez da aurrera egin; denbora aurrera doa, eta narriadura agerikoa da", esan du Garbiñe Ruiz bozeramaleak. "Kontu hau ahalik eta lasterren desblokeatu behar da, Alde Zaharreko 18.000 auzokideen eskaera historikoari erantzun bat emateko", gaineratu du. Hitzarmen horretan, udalak eraikina Osakidetzari lagako dio 75 urtez, eta, horren ordainean, osasun zerbitzuak trasladoaren eta eraikinaren konponketaren gastuak bere gain hartuko lituzke.

Elkarrekinek aurreratu du udalak sare babesgarriak paratuko dituela bertan, 10.421 euroko kostuarekin. Ruizek aurreratu du hurrengo Ogasun Batzordean gaiaren bueltan galdera egingo duela, eraikinaren egoeraz, narriaduraren zergatiaz eta hurrengo konponketez informazioa eskuratzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago