Goian elkarteak ikasturterako programazioan izena emateko epea zabaldu du

Erredakzioa 2024ko ira. 11a, 11:31

Goianek antolatutako joaldun tailerra. Argazkia: Goian

Gasteizko Alde Zaharreko haur eta gazteek "auzoan ikasi eta gozatzeko" kirol eta kultur jarduera ugari eskainiko dituzte ikasturtean zehar. Irailaren 27ra arte egongo da zabalik izena emateko epea.

Goianek, Gasteizko Alde Zaharreko komunitate egitasmo hezitzaileak, 2024-25 ikasturterako eskaintza plazaratu du, eta zabaldu du izen emateko epea. Eskolatik harago haur eta gazteek elkar topatzeko esparruak sortzeko asmoz, askotariko ekintzak sustatuko dituzte aurten ere. Bi eremu nagusitan banatu daitezke ekintzak. Kirola batetik, saskibaloia, esku pilota, kirol anitza eta beste hainbat jarduerekin, eta kultura bestetik, dantza, sukaldaritza eta bestelakoekin.

Bere jardunean parte hartzea, hezkidetza, euskara, aniztasuna, elkar zaintza eta komunitatearekin lotura lantzen ditu Goianek balore gisa. Ohiko jarduerez gain, irteerak, udalekuak, inauteriak eta auzo ekimenak antolatzen dituzte urtean zehar. Albiste amaieran ikus daiteke eskaintza osoa.

Izen emateko, Goianen bulegoan eman behar da inprimakia, Eskola kalearen 9. zenbakian, Gasteiz Txiki auzo elkartean. Inskripzioak izen ematearen hurrenkeraren arabera egingo direla jakinarazi dute antolatzaileek, eta irailaren 27ra arte egongo da epea zabalik. Edozein zalantzarako goian@goian.org edo admin@goian.org helbideetara idazteko aukera dago, edo telefonoz deitzeko 688939222 (Aitor) eta 688949333 (Irati) telefonoak jarri dituzte eskuragai.

Urriaren 1etik aurrera hasiko dira ekintzak. Urtean 50 eta 70 euro arteko kostua du ekintza bakoitzak. Auzokide guztiek parte hartzeko aukera izango dutela bermatzeko, baina, ordainketa egiteko bi aukera egongo dira, kuota ekonomikoa edo kuota parte hartzailearen bidez. Helduentzako ekintzak ere antolatuko dituzte, baina urritik aurrera emango dute horien berri.

Zer da Goian?

Goian "auzokidetasun osasuntsua" helburu duen Gasteizko Alde Zaharreko komunitate egitasmo hezitzailea da. Elkarbizitzan sakontzea bilatzen du, pertsona, eragile eta erakundeen arteko komunikazio eta elkarlanaren bitartez. Uste dute nork bere identitatea eraikitzeko ezinbestekoa dela auzoaren parte sentitze, eta garrantzia ematen diote auzoko elkarbizitzan eragile aktibo izateari. Komunitateak, era berean, besoak zabalik izan bera dituela diote, bizilagunei harrera egiteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago