Gasteizko Txosna Batzordeko kideek zigorra jaso lezakete Ticket Bai sistema erabili ez izanagatik. Gorabehera askoren ostean, txosnak jartzea erabaki zuten, baina Ticket Baiari uko eginez, eta orain Aldundiak espedienteak zabaldu ditu "txosna batzuen" aurka. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, urte hasieratik hona 64 espediente zabaldu ditu aldundiak Ticket Bai sistema ezartzeko betebeharra ez betetzeagatik.
Oraindik tramite fasean daude salaketak, eta alegazioak aurkezteko aukera dute zergadunek, Gonzalezek azaldu duenez. Adierazi du Ticket Baiaren ezarpen aginduak denon betebeharra dela, eta norbaitek, indarrean dagoen legearen arabera, betebehar hori ez badu, hala frogatu beharko duela. Ebatzi gabe daude oraindik espedienteak.
Ahaldun nagusiak ez du zehaztu zenbat izan diren, ez nor diren salatutako enpresa edo eragileak, legez babestuta dagoelako zergadunen informazioa. Hala ere, txosnak kontzeptu "nahikoa zabala" direla argudiatuta, baieztatu du txosnei buruzko espedienteak daudela zabalik, zeini eragiten dien azaldu gabe.
Zigorrak jasotzekotan, aurreko ekitaldian izandako mugimenduen araberakoa izango da, % 20a zehazki, edo 20.000 euroko isuna, gutxienez. Gonzalezek ez du zehaztu noiz ezagutuko diren espedienteen ebazpenak.