Animaliak Babesteko Zentroan eta elkartean bertan dauden animalien adopzioa sustatzeko ekimena antolatu du asteburu honetarako Apasos elkarteak. Gasteizko Probintzia plazan egingo dute, larunbat eta igandean, 12:00etan eta 12:30ean, hurrenez hurren.
Adopzio pasarelaz gain, bestelako ekitaldiekin osatu dituzte bi egunak, elkarteak hogei urte betetzen dituen honetan. Hala, larunbatean zunba izango dute, eta substantzien detekzioa ere, Hazi txakur trebatze elkartearen eskutik. Animaliekin argazki bat ateratzeko aukera egongo da, bai eta haur zein helduentzako tailerrak ere. Igande goizean, pasarelaren aurretik, txakur ginkana egingo dute.
Bi egunetan, gainera, azoka solidarioa egingo dute, eta bertan elkartearen egutegia eta eskulanez egindako hainbat pieza erosteko aukera egongo da. "Edozein gauzaren truke emandako dohaintzarekin egun askotan zaila egiten zaigun bide honetan aurrera jarraitu ahal izango dugu", adierazi du Apasosek.
Adopzioak sustatzeaz gain, aurreratu dute gizartea "kontzientziatu" nahi dutela animalien abandonatzearen eta tratu txarren inguruan.