Kaleko arte eszenikoei bultzada emango die Gasteizko Udalak, Bilbo, Leioa eta Hendaiako udalekin batera. Zazpigarren aldia da Karrikan plataformak sektore hau laguntzen duena. Aurten, konpainia bat hautatuko dute laguntza ekonomiko eta teknikoa jasotzeko. 2024ko urritik 2026ko maiatzera bitartean sormen prozesua garatzeko aukera izango du konpainia horrek, eta ondoren jaialdi ugaritan eramango dute eszenara, Gasteizko KaldeArten eta Bilbo, Leioa, Hendaia, Arrigorriaga, Zarautz edo Lekeitioko programetan.
Irailaren 22ra arte ahal izango dira proposamenak bidali, eta proiektuaren originaltasuna, bideragarritasuna, artisten bizilekua edo kaleak proposamenean daukan garrantzia baloratuko ditu epaimahaiak. Euskal Herriko konpainia berriak edo profesionalizazio bidean daudenak babestea du helburu egitasmoak.
Diziplina ugarik hartu dezakete parte, izan antzerkia, dantza, zirkua edo bestelakoak. Lehentasuna, hala ere, testurik gabekoek edo euskarazko testudun proiektuek izango dute. Urriaren 16an jakinaraziko da zein konpainiak irabazi duen aurtengo Karrikan laguntza. Hemen ikus daiteke deialdiaren informazio guztia.