84 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak ostiral goizaldean Gasteizko El Pilar auzoan, emaztea hiltzen saiatzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, gertakariak goizaldeko laurak aldera jazo dira, Gasteizko El Pilar auzoko eraikin batean.
Erasoaren abisua jaso ondoren, larrialdi zerbitzuak berehala bertaratu dira, besteak beste, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta osasun langileak. Emakumeak zauri "larriak" ditu. Antza denez, hainbat labankada jaso ditu arma zuri batekin, eta Txagorritxuko ospitalera eraman dute anbulantzian.
Gasteizko Udalak, kontzentrazioa
Gasteizko Udalak irmo eta gogor gaitzetsi eta arbuiatu du hilketa saiakera, eta babesa eta hurbiltasuna adierazi die biktimei eta ingurukoei. Horretarako, haien esku jarriko ditu behar dituzten baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesa ematekoak eta harrerakoak, eta haien interesekoa den informazio guztia izango duela bermatu du.
Horrekin lotuta, Gasteizko Udalak Indarkeria Matxistari Erantzuteko Gasteizko Udaleko Protokoloa jarri du abian; eta bost minutuko kontzentrazioa deitu du, bihar, larunbata, irailak 7, 11:00etan Plaza Berrian, Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka lelopean.