Zortzi bisoi europar askatu dituzte Salburuan

Erredakzioa 2024ko irailaren 5a

Hiru heldu eta bost kume askatu dituzte gaur. Argazkia: Gasteizko Udala

Gaur egun 160 ale baino gutxiago geratzen dira estatuan.

Gaur goizean zenbait bisoi europar askatu dituzte Salburua, eta hurrengo egunetan ere hala egingo dute. Ale horiek, zortzi zehazki, itxian hazi dira espeziea hazteko programaren esparruan, Europa mendebaldean haragijale mehatxatu horren populazioa indartzeko asmoz.

Askapenean Saray Zarate Jasangarritasun Saileko foru diputatuak eta Pascual Borja Ingurumen Kudeaketako zinegotziak parte hartu dute. "Askatutako aleen biziraupenaren eta natura ingurunera egokitzearen emaitzak oso itxaropentsuak izaten ari dira. Nabarmentzekoa da urtero detektatzen direla ale gazte berriak udalerrian, eta horrek berretsi egiten du ale horien ugalketa erregularra", azaldu du Borjak. Gainera, askatu ondoren urte askotan ingurune naturalean bizirik iraun duten aleak hauteman direla esan du, "eta horrek naturara ezin hobeto egokitzen direla erakusten du". Orain arte lortutako emaitzek aukera ematen dute egiaztatzeko, azaldu dutenez, populazioa toki mailan berreskuratu dela, eta ondorioztatu da orain arte egindako indartzeak espeziearen egoera hobetzeko balio izan duela eta Salburua eremu egokia dela horretarako.

Bisoi europarra galtzeko arriskuan dauden espezieen artean "egoera kritikoan" sailkatu dute, bisoi amerikarraren mehatxuaren aurrean. Kalkuluen arabera, gaur egun 160 ale baino gutxiago geratzen dira estatuan. 1998. urteaz geroztik, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala lankidetzan ari dira bisoi europarraren kontserbazio ekintzak egiten eta espezie inbaditzailea kontrolatzen, euren presentzia eta naturan ugaltzen ari zela detektatu zenetik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago