Vueltaren etapan Israelen normalizazioa apurtzeko deia egin zuen Palestinarekin Elkartasuna ekimenak, eta hainbat mobilizazio deitu ditu egunean zehar herrialdean. Deiari jarraituz bildu dira dozenaka herritar, Gasteizko Mendizorrotza inguruan, eguerdian, txirrindularien irteeran Palestinaren aldeko elkartasuna erakusteko.
Ertzaintzak lasterketarako jarritako hesiaren atzetik bigarren barrera bat jarri du, eta Palestinako banderak zeramatzaten herritarrak bertan egotera behartu ditu, Vueltatik ahalik eta gehien urruntzeko. Palestinarekin Elkartasuna taldeak sportwashinga salatzeko erabili du etapa, Gazan genozidioa eragiten ari diren bitartean Israelgo talde batek Vueltan parte hartzen duela kritikatzeko.
Bestalde, Gure Esku plataformak Euskal Herria herri bat dela, zazpi lurraldez osatua dagoela eta erabaki nahi duela aldarrikatzeko ikurrak banatu ditu jendearen artean, goizeko lehen ordutik, Andre Maria Zuriaren plazan.