Ura Bere Bidean Korala bigarren liburukia aurkeztu dute, 1970eko hamarkadatik gaur egunera arte euskal gai nabarmenen abesbatza egokitzapenekin. Oraingoan 17 abesti izango dira, tartean Esne Beltzaren Gogoak, Doctor Deseoren Corazón de Tango eta Zea Maysen Negua joan da ta.
Proiektu honen bitartez, Fair Saturday Fundazioak, Arabako Aldundiarekin lankidetzan, musika koralaren bidez ondare kulturala aberastu nahi du. 2023tik 40 partitura berri inguru jarri dira euskal abesbatzen eskura, musika kantu modernoak bertsio koralean interpretatzeko aukera eskainiz. Partiturak edizio mugatuko liburu batean egongo dira eskuragarri, www.uraberebidean.eus webgunean. Honetan, 17 abesti berri egongo dira eskuragarri, bakoitzaren 9 bertsioekin, ahots eta instrumentu desberdinetara egokituta.
Horiek guztiak zuzenean aurkeztuko dituzte Buesa Arenan bigarren urtez jarraian, Araba osoko abesbatzen kontzentrazio handienetakoarekin. Guztira, 25 talde ezberdinetako 550 ahots inguruk Ura Bere Bidean Korala kontzertuari forma emango diote irailaren 14an Gasteizen. Ostiraletik aurrera, 500 sarrera berri jarriko dira jendearen eskura www.ubbkorala.eus webgunean.
Julian Iantzik aurkeztuko du emanaldia, eta artista gonbidatuak eta sopresak ere izango dira. BECen egingo den Ura Bere Bidean kontzertuan bezala, ikus-entzunezko ekoizpena Iñaki Irastorzak diseinatuko du. Musika moldaketak Aitor Antruejok prestatu ditu eta musika zuzendaritza Alberto Saez Puente zuzendariak egingo du.