Urtero bezala, Euskharan elkarteak euskal kulturan murgiltzeko aukera eskainiko du hainbat ikastaroren bidez. Gazteenetatik helduenetara, denentzako tokia izango da Amaia Zentroan, Aranbizkarra auzoan.
Informazio gehiago behar izanez gero, edo izen emateko, aukera ezberdinak eskaintzen dituzte. Hemen aurkitu dezakezue ikastaroetan izen emateko inprimakia eta, bestela, bertaratzeko aukera ere badago, Amaia Zentrora, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara. Internetez edo telefonoz harremanetan jartzeko aukera dago, euskharanamaia@gmail.com helbidera idatzita edo 688628105 telefonora deituta. Irailaren 30a izango da izen emateko azken eguna.
Euskara
Euskara ikasteko eta erabileran trebatzeko proposamenak dakartza Euskharan elkarteak. Batetik, adinekoek oinarrizko euskara ikasi dezaten klaseak antolatuko dituzte. Bilobekin euskaraz hitz batzuk trukatzeko, edo hizkuntzarekin lehen harremana izateko, goizez zein arratsaldez joateko aukera izango da, hiruhileko 60 euroren truke.
Bestalde, jadanik ikasitako euskara erabiltzeko mintza praktika taldeak osatuko dituzte, astearte eta ostegunero, eta hiru ordutegi ezberdin izango dira aukeran. Mintza taldeetan parte hartzeko gutxieneko maila bat eskatuko dute, B1.1 maila, eta parte hartzeko kostua 60 €koa izango da hiruhileko.
Kulturgintza
Euskal kulturarekin lotutako hainbat ikastaro emango dituzte Amaia Zentroan, eta denek balio dute 70€ ikasturte osorako. Txalaparta, panderoa eta alboka, euskal dantzak, bertso eskola, gitarra hastapena eta yoga klaseak izango dira euskaraz. Ordutegiak kartelean ikus daitezke.
Haurren txokoa
Larunbatero, txikienek euskaraz aisialdia bizitzeko aukera izan dezaten, haurren txokoa zabalduko dute, 11:00etatik 13:00etara, eta zinema eta tailer ezberdinez gozatuko dute bertaratzen direnek, guztiz doan.
Begirale ikastaroa Urtxintxarekin
Aipatutako guztiez gain, aisialdiko begirale izateko ikastaroa ere eskaintzen du Euskharanek, Urtxintxa eskolaren eskutik. Kasu honetan, irailaren 15a arte egongo da zabalik izen emateko epea, eta Urtxintxaren webgunean egin behar da eskaera, hemen.