Alboko esklerosi amiotrofikodun gaixoen aldeko lasterketa egingo dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko ira. 5a, 12:11

CorrELA lasterketako dortsal banaketa. Argazkia: Adela Euskal Herria

Irailaren 15ean ospatuko da 'CorrELA' lasterketa Gasteizen, AEAren errealitatea ezagutarazi eta gaixoei eta familiei laguntzeko dirua biltzeko.

Alboko esklerosi amiotrofikoa (AEA / ELA) gaixotasuna duten pertsonekin eta haien familiekin elkartasunez, CorrELA lasterketa antolatu du hirugarrenez Adela Araba elkarteak. Lau modu ezberdinetan parte hartu ahal izango da irailaren 15ean egingo den ekimen solidarioan.

CorrELAren helburu nagusia da AEAren errealitatea gizartean ezagutaraztea, eta daukan eraginaren inguruan jendea sentsibilizatzea. Bestalde, Arabako gaixoek eta beren familiek dituzten beharrak asetzeko dirua biltzea ere bada asmoa, arreta programak elikatzeko. Hemen sakatuta aurkitu daiteke informazio guztia eta izen emateko orria.

Horretarako sortu zuten 2022an Correla elkartasunezko kirol ekimena. Aurten, parte hartzaileek lau modalitateren artean aukeratu ahal izango dute. 10 kilometroko lasterketan parte hartu dezakete, eta 15€ko dohaintza egin, eta 10€ emanda 5 kilometroko lasterketan aritu. Martxa solidario bat ere egingo dute lasterketan parte hartu nahi ez edo ezin dutenentzat. Kilometro bateko luzeera izango du, eta 5€ eskatzen dituzte parte hartzeko. Bestela ere, Zero dortsala eskuratzeko aukera dago, 5€ren truke, eta AEA duten gaixoak eta familiak lagundu.

2022an, Adela Euskal Herria Federazioaren 25. urteurrena ospatzearekin batera sortu zuten CorrELA ekimena Adela Arabako kideek. Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA /ELA) gaixotasun neurodegeneratiboa da, progresiboa eta gaur egun tratamendurik eta sendabiderik gabea. Adelako kideek AEAdun gaixo batzuen testigantzak bildu dituzte bideo batean.

"Zure gorputzean harrapatuta gelditzen zoaz, burua bere horretan dagoen bitartean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago