Usadioak agintzen duen bezala, Olarizu Egunean, irailaren 9an, udalbatzak Gasteizko udalerriko mugarriak bisitatuko ditu. Aurten, udaleko ordezkariek Andollu eta Okina arteko 38 mugarriak zeharkatuko dituzte, hamaika kilometroko ibilbidean. 14 kontzeju bisitatuko dituzte, besteak beste, Jungitu, Arkaia, Trokoniz eta Egileta. Hitzordua ohi baino ordubete lehenago hasiko da. Goizeko 08:00etan abiatuko da udalbatza Plaza Berritik, Udal Txistulari Bandaren doinuekin.
Olarizuko zelaietako erromeriaren egitaraua 13:00etan hasiko da, Boilurrek antolatzen duen babarrun janarekin; eta handik gutxira, udalbatza iritsiko da Olarizura. Arratsaldean zehar umeentzako jolasak, musika, dantzak, herri kirolak eta pintxo solidarioa izango dira (bildutako dirua Caritasi emango zaio). 18:00etan, euskal dantzen erakustaldia hasiko da, Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik; eta 18:45ean Larrain Dantza eta Txulalai, Udalaren Folklore Akademiako gaita joleen eskutik. 20:00etan, udalbatza Plaza Berrira itzuliko da eta Udal Bandak harrera egingo dio. Zezensuzkoak emango dio amaiera egunari.