Euskara ikasteko 900 plaza eskainiko ditu Gasteizek

Erredakzioa 2024ko ira. 4a, 11:39

Udalaren eta aldundiaren ordezkariek aurkeztu dituzte diru laguntzak. Argazkia: AFA

Gurasoei, 55 urtez gorakoei, atzerritarrei eta merkataritzako eta ostalaritzako profesionalei zuzendutako ikastaroak dira.

Euskara ikasteko antolatutako ikastaroetan izena emateko epea ireki du Gasteizko Udalak. Orotara, 900 plaza eskainiko dituzte, hainbat kolektibori zuzendutako deialdian: gurasoak, 55 urtez gorakoak, jatorri atzerritarra dutenak eta merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten dutenak.

Hiritarren arretarako bulegoetara jo beharko da horietan izena emateko. Gasteizko Udalak sustatutako ikastaroen kasuan, irailaren 13ra arteko epea dago horretarako. Ikasi eta bizi euskara giro onean leloa eman diote 2024-2025 ikasturterako kanpainari.

Bestetik, aldundiak ere euskara ikasteko ohiko laguntzen berri eman du. Ordu kopuruaren arabera aldatzen den diru laguntza da, "euskaltegietako ikasleen poltsikoan eragin" nahi du, "matrikularen prezioa modu errazean" doituz, aldundiak berak zabaldutako prentsa ohar baten arabera. Laguntza hauen kasuan, urriaren 1era arteko epea dago izena emateko. Iaz, aldundiaren laguntzarekin 719 arabarrek eman zuten izena euskaltegietan

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago