Musikari hasiberriei lekua egingo die Izaskun Arrue Kulturguneak

Erredakzioa 2024ko ira. 4a, 11:33

Iñigo Etxezarreta IAKren inaugurazio ekitaldian. Argazkia: ALEA

IAKn kontzertua emateko aukera eta dirulaguntza emango diete musikari gazteei. Irailaren 15a arte dago izen emateko epea zabalik.

Izaskun Arrue Kulturgunean euskarazko kulturgintza sustatzeko ekimenak martxan jartzen ari dira jadanik. Egin leku ekimenarekin musikari hasiberrientzako plaza bilakatuko da IAK. Sorkuntza gune bilakatu nahi dute antzokia, sortzaileen garapenean lagunduz eta euskal kultura zabaldu eta gizarteratzeko lan eginez.

35 urtetik beherako musikariei laguntzeko proposamena da Egin leku. Edozein musika estilotan eta bakarka zein taldeka aritzen direnei.Euskal Herriko musikariak aurkeztu daitezke, hasiberriak badira, ez badute modu profesionalean lehenago diskorik grabatu. Irailaren 15a arte egongo da izen emateko epea zabalik, eta hiru proposamen aukeratuko dira hautagaien artean.

Irabazleek IAKn kontzertua emateko aukera izango dute, 300€ jaso eta urtebeteko bazkidetza emango zaie Musikari elkartean. Hemen ikus daitezke oinarriak eta izen emateko modua. Inprimaki bat bere eta grabatutako hiru kanta bidali beharko dituzte hautagaiek, horietako bi gutxienez artistak sortutakoak. Kantuen kalitatea, berritasuna eta euskararen erabilera balioetsiko ditu epaimahaiak.

Taulara mikroantzerki lehiaketa

Musikarientzako eskaintzaz gain, antzerkigintza ere sustatu nahi dute IAKn, Taulara sariekin. Formatu txikiko antzezlanak ekoizteko laguntza da, eta hiru sari banatuko ditu. Jatorrizko gidoi onena sarituko da, batetik, 1.500€rekin. Bestetik, jatorrizkoak ez diren eta 2022tik hona sortutako gainerako lanetatik bik jasoko dute 750€ko saria. Eta azkenik, publikoaren saria ere izango da, 500€ jasotzeko aukerarekin. Deialdi hau, Egin leku bezala, Oihaneder Euskararen Etxean hasi zen, eta hirugarren edizioa du oraingoa.

Irabazleek aukera izango dute lanak Izaskun Arrue Kulturgunean eskaintzeko, eta garapenarekin eta hedapenarekin ere lagunduko du elkarteak. Euskal Herri osoko antzerki sortzaile, aktore eta taldeak aurkeztu daitezke deialdi honetara. Proposamenak aurkezteko azken eguna irailaren 30a izango da, eta hemen topatu daitezke oinarriak eta izen emateko fitxategia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago