Sexu erasoen aurkako protokoloa martxan izango da Alaveszaleen harmailetan

Erredakzioa 2024ko ira. 3a, 20:57

Hezigaitzak taldeko kideak protokoloaren aurkezpenean. Argazkia: Arabako Garrasia

Hezigaitzak talde feministak protokoloa aurkeztu du Arabako Garrasia harmailan gertatzen diren generoagatiko jazarpen eta sexu erasoei aurre egiteko. Puntu morea ezarriko dute Mendizorrotzan partiduetan zehar.

Hezigaitzak taldeak, Arabako Garrasia harmailako mugimendu feministak, sexu erasoen aurkako protokoloa aurkeztu zuen igandean Mendizorrotzan. Hala, harmaila pertsona ororentzako espazio segurua izatea bermatu nahi dute.

Argitu dute haien harmailan ez dutela eraso sexista edo homofoborik jasan, baina modu prebentiboan ondu dute protokoloa, denek izan dezaten "gure Alaves maiteaz gozatzeko eskubidea".

Partiduetan puntu more bat izango da Mendizorrotzan, egoeraren analisia egin eta protokoloa aktibatzeko ardura izango duena. Partiduetan zehar speakerraren eskumaldean kokatuko da eta, atsedenaldian berriz, material postuaren ondoan. Puntu edo zutabe more bat egongo da inguruan, erraz identifikatu ahal izateko.

Eraso sexista edo generoagatiko jazarpenen bat antzeman ezkero, biktimari babesa eman eta puntu moreko kideei abisua pasatzeko eskatu dute aurkezpenean, haiek kudeatu dezaten egoera.  Gogorarazi dute Arabako Garrasia beti izango dela inklusiboa eta pertsona ororen askatasun indibidual zein kolektiboen defendatzailea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago