Zazpi gizarte etxe bisitatuko ditu Manuel Iradierri buruzko erakusketa batek

Erredakzioa 2024ko ira. 3a, 17:10

Lakuako gizarte etxean paratu dute erakusketa, hilaren 17ra are. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Lakuan inauguratu dute gaur txangolari elkartearen 75. urteurrenari eskainitako erakusketa ibiltaria.

 Manuel Iradier Txangolari Elkartearen 75. urteurrenari buruzko erakusketa ikusgai egongo da datozen hilabeteotan Gasteizko zenbait gizarte etxetan. Zehazki, urtearen amaierara arte erakusketa Lakua, Salburua, Iparralde, Zabalgana, Ibaiondo, Pilar eta Hegoaldeko gizarte etxeetan ikusi ahalko da, Gasteizko Udalak ohar batean iragarri duenez. 

Elkarteari buruzko informazioa emango dute bertan, panel eta grafikoen bidez. "Gizarte etxeak izango dira Manuel Iradier Txangolari Elkartearen garrantzia ikustarazi ahal izateko espazio nagusiak", esan du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak, gaur Lakuako gizarte etxean egindako inaugurazioan. Elkartearen izenean, Fernando Casi presidenteak udalaren laguntza eskertu du, eta nabarmendu du erakusketak elkartearen atalen gaineko informazioa emango duela. "Adibidez, dantza, folklorea, ibilaldi neurtuak, mikologia, mendizaletasuna, historia eta etnografia edo espeleologia", azaldu du Casik.

Lakuan hilaren 17ra arte jarrita egongo da. Ondoren, beste gizarte etxeetara eramango dute, egutegi honen arabera: Ondorengo ibilbidea honakoa izango da: Salburua (irailaren 17tik urriaren 2ra), Iparralde (urriaren 2tik 15era), Zabalgana (urriaren 15tik 29ra), Ibaiondo (urriaren 29tik azaroaren 12ra), Pilar (azaroaren 12tik 26ra), eta Hegoalde (azaroaren 26tik abenduaren 10era).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago