Jabetze Feministarako Eskolak 66 jarduera aurkeztu ditu ikasturte berrirako

Erredakzioa 2024ko ira. 3a, 12:49

Jabetze Feministako Eskolaren programa aurkeztu dute. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Irailaren 4an irekiko da izena emateko epea. Programazioaren barruan konferentziak, arte eszenikoak, literatura, zinema eta musika izango dira. 

Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak 66 jarduera eskainiko ditu irailetik maiatzera, Emakumeen Etxean zein Arabako hiriburuko beste leku batzuetan. Programazioaren barruan konferentziak, arte eszenikoak, literatura, zinema eta musika izango dira. Hamalaugarren edizioko programazioaren gai nagusia historia izango da.

Ikasturteko lehenengo jarduera irailaren 26an, ostegunean, egingo dute, Jesus Ibañez de Matauco Antzokian. Bertan, kontzertua eskainiko du Bewis de la Rosak, 18:30ean. Amor más que nunca izeneko bere diskoko abestiak aurkeztuko ditu Mantxako artistak. Landa eremuko rap-a proposatzen du, batere ohikoa ez dena. Agenda eszenikoak azaroaren 15ean, ostiralean, jarraituko du, Susy Socken kontzertuarekin. Argentinako musika folklorikoaren erreferentea da, eta Salburuko gizarte etxean egingo du emanaldia. Eta hurrengo larunbatean, azaroaren 23an, Hermafroditas a caballo. O la rebelión del deseo ikuskizuna jasoko du Iparralde gizarte etxeko Beñat Etxepare antzokiak. Laura Vila izango da antzezlea.

Salburua gizarte etxean beste bi hitzordu kultural izango dira, kasu honetan euskaraz. Tabuen kutxatik oholtzara musika proposamena, haurren minbiziaren aurkako Iñurri elkartearen eskutik, urtarrilaren 30ean, ostegunean; eta Itzal(iko) bagina antzerki-ikuskizuna, martxoaren 6an, ostegunean.

Martxoaren 28an, ostiralean, No Ni ná lana aurkeztuko du Creaci0n Colectivak, Beñat Etxepare Antzokian. Eta maiatzaren 8an, ostegunean, Isabel Cadenasek zuzendutako De eso sí se habla ikuskizuna iritsiko da Federico Garcia Lorca antzokira. Maiatzaren 28an, asteazkenean, amaituko da ikasturtea, Eddi Circak Felix Petite antzokian eskainiko duen kontzertuarekin. Artista madrildarrak En el bosque un claro diskoa aurkeztuko du, Maria Zambranoren lan filosofikoan inspiratua.

Zine forumak

Halaber, Jabetze Feministarako Eskolak proiekzioen zikloa antolatu du Florida zinemetan, eta hitzaldiak izango dira ondotik. Entre3 zineforumak honako filmak hartuko ditu barne: Bye, bye Tiberias Palestinako emakumeen bizitzari buruzko dokumentala, urriaren 24an, ostegunean; eta Calladita, Espainiara etxeko langile gisa lan egitera joan den neska gazte kolonbiar bati buruzkoa, abenduaren 19an. 2025ean, Alteritats, Katalunian bizi diren lau belaunalditako lesbianen bizipenak jasotzen dituen dokumentala emango dute, otsailaren 20an, ostegunean; martxoaren 20an, berriz, HLM Pussy, onarpenaren, arrazaren edo klase sozialaren gisako gaiei buruzko belaunaldi-ikuspegia eskaintzen duen frantziar-marokoar filma proiektatuko da; eta Who I Am Not, bi pertsona intersexualen eguneroko bizimoduaren gaineko barne begirada eskaintzen duen proposamena.

Hitzaldiak

Agendaren barruan, hizlari ospetsuen hitzaldiak ere izango dira, Emakumeen Etxean. Irene Zugasti izango da egitarauko lehena; eta Palestina es una cuestión feminista hitzaldia eskainiko du urriaren 8an, asteartean. Ainhoa Azurmendi izango da hurrengoa; emakumeek kirol arloan jasaten dituzten indarkeria motei buruz hitz egingo du azaroaren 14an, ostegunean. Bestetik, Abordajes restaurativos en la violencia contra las mujeres'saioa eskainiko du Carme Guilek abenduaren 10ean, asteartean.

2025. urtean honako hitzaldiak izango dira: El feminismo, la memoria histórica y el cambio social, Miren Llonarekin, urtarrilak 14an, asteartean; La cultura del passing, Miquel Misserekin, otsailaren 4an, asteartean; eta Claves de supervivencia para envejecer como te dé la gana, Mónica Ramosekin, martxoaren 18an, asteartean. Bestalde, apirilaren 10ean, Josune Muñozek komiki feministari buruz hitz egingo du, Robert Crumb eta Aline Lominsky autoreetan oinarrituta.

Egitaraua osatzeko, maiatzaren 9an Intersexualidades: emergencias y debates en torno a personas con características sexuales diversas saioa eskainiko du Nuria Gregorik, eta, maiatzaren 20an, erregimen heterosexualaren disidentzien funtzioaz hitz egingo du Mijo Lizarburuk.

Lantegiak eta irakurketa kluba

Jabetze Feministarako Eskolak ikastaroen eta tailerren egitarau aberatsa prestatu du, hogeita hamar bat jarduerarekin. Aldi berean, edizio honetan irakurketa klubak sendotuko dira, Udal Liburutegi Sarearen laguntzarekin. Irakurketa klubek ibilbide luzea dute eskolan.

Halaber, Jabetze Feministarako Eskolaren beste ekimenetako bat Ikerlan Feministen IV. Lehiaketa da, EHUko Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko Masterra: Berdintasun Agenteak masterrarekin batera antolatu duena. Horretan, irailaren 30era arte aurkez daitezke proposamenak. Bi proposamen aukeratuko dira, eta bakoitzari 4.800 euro emango zaizkio.

Feminismoan itzel programarekin gazteengana hurbildu nahi du eskolak. Hala, 3 eta 18 urte bitarteko pertsonentzako 12 jarduera barne hartzen ditu programak. Indarkeria matxistaren prebentzioari, autodefentsa feministari, capoeirari, lodifobiari, manga irakurketa eta marrazketari, antzerkiari, ipuinei eta beste gai askori buruzko tailerrak egingo dituzte.

Berritasun nabarmenenak Boxeo como herramienta de crecimiento eta Down power dira; azken lantegi horretan, Down sindromea duten neska-mutilek arlo afektibo-sexualeko euren gaitasunak ezagutuko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago