Arabako Probintzia Auzitegiak 19 urte, zazpi hilabete eta hiru eguneko espetxe zigorra ezarri dio gizon bati, 2022ko maiatzean Gasteizko lonja batean bikotekidea bost egunez atxiki eta sexualki erasotzeagatik. Auzitegiak frogatutzat jo du akusatuak "bere borondatearen aurka" atxiki zuela bere bikotekidea (urruntzeko agindua zuen), eta bertan giltzapetuta eduki zuela, "bost egunez irten ezinik".
Gaur jakinarazitako epaian jasotzen denez, denbora horretan, emakumeak "eraso fisikoak jasan zituen" eta "seme-alabekiko mehatxuak, sexu harremanak izateko borondatea makurrarazteko, berak harreman horiek inola ere onartu gabe". Arabako Auzitegiak ondorioztatu du biktimaren kontakizuna sinesgarria dela eta, gainera, bere testigantza berresten duten datu ugari aipatu ditu, besteak beste, laguntza eskatzea lortu zuenean emakumeari lagundu zioten polizien testigantza eta zituen lesio fisikoak.
Ildo horretan, auzitegiak gogorarazi du emakumea hainbat nahasmendu diagnostikatuta dagoela eta urteak daramatzala tratamendu psikofarmakologikoan eta gainbegiratze psikiatrikoan, baina "txosten medikoetan ez da deskribatu" emakumeak, patologia izan arren, "errealitatea edo fikzioa nahas dezakeela" eta "ez dagoela zantzurik bere gaitz psikikoek fabulazio patologikoa eragin dezaketela ondorioztatzeko". Auzitegiak gaineratu duenez, biktimak jatorrizko bere deklarazioari eutsi dio poliziaren, auzitegi medikuaren eta instrukzio- epailearen aurrean; eta zehatz-mehatz deskribatu du nola iritsi zen lonjara, zer gertatu zen eta nola atera zen lokaletik, "eta hori guztia bateragarria da poliziak aurkitu zuenean zegoen egoerarekin".
Legez kanpoko atxiloketa, sexu eraso jarraitua eta lesio eta genero indarkeriaren delituengatik ezarritako espetxe zigorrez gain, auzitegiak 18 eguneko lokalizazio iraunkorreko zigorra ere ezarri dio akusatuari, irain bidegabeen delitu jarraitu batengatik. Halaber, zaintzapeko askatasuna ezartzen du, 5 urtez espetxe zigorra bete ondoren betearazi beharrekoa; 15.200 euroko kalte ordaina ordainduko zaio emakumeari, eragindako lesioengatik eta kalte moral gisa; eta 500 metro baino gutxiagora hurbiltzeko eta 18 urte baino gehiagorako harekin komunikatzeko debekua.