Irailetik azarora, sexualitatea esploratzeko tailer sorta bat antolatu du Salburuko Unbela terapia zentroak. Ikuspegi feminista eta ez normatibotik abiatuta, sexualitate somatikoa landuko da, hau da, gorputzarekin lotura handiagoa duen sexualitatea integratzea, "gure beharrak, mugak eta nahiak" entzuten ikasteko. Sozializatuak izan garen genero egituraren rolak identifikatu eta bizipenak zabaltzeko aukera eskaintzen dute tailer hauek, antolatzaileen esanetan.
Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak diruz lagundutako tailer hauetan kontzientzia erotiko handiagoa eta tresna berriak eskuratzeko aukera izango da, eta "ohikoa baino prezio merkeagoan" lortu ahal izango da ikastaroa. Asteburuetan izango dira lau ikastaroak, eta ziklo moduan hartuta denetan izen emateko aukera dago, edota batzuetara soilik hurbiltzekoa.
Lehen tailerra irailaren 20tik 22ra burutuko dute. "Sexualitate somatikoan murgiltzea" izenburupean, norberarengan sakontzeko eta nork bere intimitateaz gehiago gozatzen ikasteko aukera emango du. Bigarrenak "Contacto Sentido" du izena, urriaren 11tik 13ra egingo dute, eta "esperientzia bidezko autoezagutzarako gune" gisa definitu dute. Plazerarekin eta intimitatearekin duzun harremana esploratu, sendatu eta hedatzeko aukera eskaintzen dute, erlaxaziotik, errespetutik eta auto-entzutetik abiatuta.
"Aztarna Erotikoen" tailerra izango da hirugarrena, azaroaren 1etik 3ra. Harremanetan "kitzikapenaren eta plazeraren mapa" sortzen lagunduko dute bertan. Eta azkenik, "Shibari hastapen tailerrak" emango dio amaiera zikloari, azaroaren 22an eta 23an. Shibariaren esperientzian sartzeko atea izango da, "modu seguru eta progresiboan", eta antolatzaileen esanetan zentzumen eta emozioekin konektatzeko beste modu bat ikasteko aukera izango da ikastaroan, "sokak komunikazio tresna" gisa erabiliko dituzte.