Bi lagun atxilotu dituzte emakumeak esplotatzea egotzita

Erredakzioa 2024ko ira. 2a, 12:14

Larunbatean atxilotu zituzten prostituzio klubeko arduradunak. Argazkia: Irekia

Prostituzio klubeko arduradunekin batera, ikerketapean dago hirugarren lagun bat.

Ertzaintzak bi emakume atxilotu ditu Gasteizen, prostituzioan aritzen ziren emakumeak "esplotazio baldintzetan" izatea leporatuta. Gainera, beharrezko kolaboratzaile gisa negozioaren arduradunak ordezkatzen zituen langile baten aurkako eginbideak ireki ditu, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Ohiko ikuskapen baten ondorioz izan dira atxiloketok, ertzainak "gizakien salerosketarekin" lotutako prebentzio lanetan ari zirela. Hiriko prostituzio lokal batera sartu ziren larunbatean, eta prostituitzera behartuta dauden nesketako batzuek "arduradunek ezarritako esplotazio baldintzak" azaldu zizkieten. Besteak beste, "lan-ordutegi zorrotzak" betetzera behartuta zeudela azaldu zuten, "bizitza pertsonalaz gozatzeko oso denbora gutxirekin eta, betiere, ordu-tarte jakin batean", eta, gainera, "lanen bat sortuz gero, itzultzera behartuta" zeudela.

Emakumeek, gainera, negozioaren arduradunei zerbitzuak emanez irabazten zuten diruaren %70 ordaindu behar zieten. Bezeroei substantzia estupefazienteak ere ematen zitzaizkien, hala eskatuz gero. Izan ere, ohe baten azpian droga kantitate txiki bat zuen poltsatxo bat aurkitu zuten. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago