Irekita egon den lehen urte honetan, BIZAN Infok orientaziorako eta informatzeko 3.509 eskaera jaso ditu, 2023ko uztailetik gaur arte balantze positibo bat lortuz. Gasteizko Udalak jakinarazi du urte honetako eskaeren artean %80 norbanakoak izan direla, %57 emakumeak, eta artatutako pertsonen batez besteko adina 68 urtekoa izan dela. Gehien kontsultatzen diren gauzak "eskubideei, kontsumoari, laguntzei, prestazioei eta zerbitzuei buruzkoak dira", jakinarazi du Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiketako zinegotziak. "Arrakala digitalarekin lotutako zalantzak argitzeko interesa ere badute, eta BIZAN sareko jarduera eta tailerrei buruzko informazioa eskatzen dute", gehitu du.
Izan ere, zerbitzu publiko honek jarduera ugari antolatu ditu urtean zehar. Besteak beste, ingelesezko eta euskarazko hizkuntza tailerrak, bidaiak prestatzeko edo bizipenak partekatzeko tresna digitalei buruzko topaketak, erretiroa hartzeko prestaketa mintegiak eta informazioa bilatzeko eta eskuratzeko tailerrak eskaintzen dira bertan. Hurrengo urterako jarduera berezi batzuk ere antolatu ditu Bizanek, hala nola 'Lagunartean: bakardadeak partekatzen' topaketa taldea martxan jartzea eta 'Bizikletaz adinik ez' programa, bizimodu osasuntsu bat sustatzeko.
Informazioa behar duen edonor bulegora gerturatu daiteke, Florida parkean, astelehenetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Halaber, 945 161 460 telefonora deitu edo bizaninfo@vitoria-gasteiz.org posta elektronikora idatzi dezake.