'Euskadi Mapetan, II. Eta XVIII. Mendeen artean' erakusketa antolatu du Espainiako Geografia Institutuak, eta abenduaren 30era arte izango da bisita egiteko aukera Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzan, Gasteizen. Marisol Garmendia Gobernuaren ordezkariak adierazi zuen, erakusketaren aurkezpenean, "Euskadiren mugak aldatzen saiatzea ameskeria identitarioekin dago lotua, errealitatearekin baino gehiago". Egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa diren lurrak agertzen diren lehen mapatik abiatuta, karta nautiko eta Herbeheretako kartografoetan zehar, euskal lurren iruditegiaren historia aztertzen du erakusketak.
Klaudio Ptolomeoren mapa batekin hasten da erakusketa, berea baita Euskal lurren lehen irudikapena. Egun mapa gisa ulertzen ditugun irudi batean egindako lehena, gutxienez, kartografia bidez egindako mapa batean. 150. urtearen bueltan, Geografia lanean bildu zituen ikerlari greziar-egiptoarrak bere garaian ezagutzen ziren lurren irudiak, Europa, Afrika eta Asiakoak. Jatorrizko liburua gorde ez bada ere, 1300. urtean egindako kopia bat ikus daiteke erakusketan.
Ptolomeoren Europako bigarren mapan, Hispania erromatarrari dagokionean, agertzen da Euskal Herria, ezagutzen den irudikapen kartografiko zaharrena. Bertan agertzen dira garaian lurrotan bizi ziren tribuen izenak, autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak eta baskoiak.
Toponimo ezagun batzuk ere agertzen dira Geografian, hala nola, Oiartzun, Toloño edota Deba, Nerbioi eta Ebro ibaiak. Grezieraz idatzita daude izenak, eta liburuan lekuen deskribapen bat ere gehitu zuen geografo, astronomo eta matematikariak.
Arabako toponimia zaharra
Erakusketako beste dokumentu interesgarri bat Donemiliagako Goldea da (De Ferro de Alava jatorrizko latinez). Donemiliaga Kukulako monasterioko kontularitza orriak dira. 1025. urte inguruan idatzitako lau orrialdetan banatuta, Arabako dozenaka herriren toponimia ikus daiteke, liburu honetan zenbatzen zirelako herri edo lurralde bakoitzak monasterioari ordaindutako detxemak.
Harrigarria da zenbat izen mantendu diren mendeetan zehar ia batere aldatu gabe. Garaiko grafia eta ahoskerarekin idatziak egonagatik ere, ezagutu daitezke dozenaka herriren izenak, besteak beste, Azazaheta, Harrahia, Argumaniz, Burgellu, Opaucu, Hagurahin, Urbina, Lucu, Langrares, Zavalla, Abendangu, Armentei edo Gastehiz bera.
Azpiko mapan jarri dituzte, erakusketarako, Donemiliaga Kukulako kontularitza orriko izenak, mapan dagozkien lekuan. Albiste amaierako argazki galerian ikus ditzakezue maparen zati guztiak, alderatzeko duela 1.000 urteko toponimia eta gaur egungoa.
Mapagintza hobetuz XVIII. mendera arte
Mendeetan zehar dozenaka aldiz agertzen dira euskal lurraldeen izenak erakusketako mapetan. Hasierako Biscaia, Vasconia, Gascuña edo Navarra ikustetik, zehaztasun gehiago lortzen joango dira mapak, hobetu eta gerturatu ahala. Greziar eta erromatarretatik harago, mundu islamikoan egindako mapek ere erakusten dute euskaldunen herria. Baskun-en herria aipatzen du, adibidez, Al-Istajri kartografo persiarrak X. mendean.
Hasieran oso "traketsak" diren mapak zehaztasuna lortzen doaz, eta kartografia nautikoa garatu ahala kostaldea doi-doi irudikatzea lortzen dute. Euskal kostaldeko herriak agertuz doaz pixkanaka. Pisako hirian aurkitutako karta nautiko zaharrenean lehenik, 1270. urtean, Sco. Sabastiano, Baiona, eta Ordialesi. Geroxeago Fonterabia, Getaira, Motrico, Leqita, Bremeo, Bilbao eta Laredo, beste askoren artean.
Barnealdeko zonaldeak ere azaltzen dira mapetan, noski. Araba eta Gipuzkoa izenak agertzen doaz, erreinu eta jaurerri ezberdinak, eta beste hainbat erreferentzia.
XVIII. menderainoko bidaia eginez, elementu modernoak ere topa daitezke erakusketan. Mapak "inprimatzeko" kobrezko moldeak ikus daitezke, adibidez, Donostia edo Bilboko hiriak irudikatuz. Negatiboan daude eginak, noski, ondoren paperean, larruan edo bestelako euskarrietan irudia ezartzeko. Hemen Bilboko hiribilduaren moldea, eta irudia ostean.
Ameskeria identitarioak vs. errealitatea
Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak garrantzia berezia eman zion mapen "objetibotasuna" nabarmentzeari, eta ameskeriak alde batera uzteari, Euskal Herriaren nolakotasunaz ari zela. Aurkezpenean adierazi zuen erakusketa honek euskal publikoari lagunduko diola kokatzen "non egon den haien lurra, eta non dagoen". Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko Ministerioaren webgunean ere Garmendiaren hitzak nabarmendu dituzte izenburuan, "Euskadiren mugak aldatzen saiatzea ameskeria identitarioekin dago lotuagoa, errealitatearekin baino".
Garmendiak, erakusketa aurkeztean, gehiago sakondu zuen gaian. "Garrantzitsua da bizi dugun errealitatea ezagutzea. Mapa errealez osatutako mundu batean bizi gara, datu zehatzetan oinarrituta eraikitako mapekin, egia ukaezinekin egindako mapak". Eta errealitate horretatik aldentzeak ekar ditzakeen arriskuak ere nabarmendu zituen. "Askotan mapa imaginarioak sortzen dira, irudimenezkoak, errealitatearekin bat ez datozen ameskeriak. Arriskutsua da desioek eramaten uztea, fantasiek gidatzen, pentsatu gabe zein ondorio izan ditzakeen horrek".
Horregatik, errealitatera lotu beharra aldarrikatu zuen Espainiako Gobernuko ordezkariak. "Mapa errealek bide zuzenetik garamatzate, egia erakusten digute filtro eta apaindurarik gabe. Irudimenak sortutako mapak hartzen baditugu, kondenatuta gaude ilusio eta gezurrezko labirinto batean galtzera".
Eta errealitatean oinarritutako mapak azaltzen dira erakusketa osoan zehar. Baskoiak Gipuzkoa ipar ekialdeko muturrean bizi izan zirela azaltzen digute testu informatiboek, adibidez, Nafarroan zuten presentzia nagusia aipatu gabe. Baiona ez da euskal izentzat hartzen, nahiz eta San Sebastianekin batera agertzen den mapa berean. Antzeko adibideak salatu dituzte bisitari batzuek, erakusketak asmo ideologiko alderdikoiak dituela kritikatuz.
Goizero zabalik, aste barruan
Astelehenetik ostiralera ikus daiteke erakusketa, 9:00etatik 14:00etara, Espainiako Gobernuak Araban duen Ordezkariordetzan (Olagibel kalea, 1). Bisita gidatuak eskatzeko aukera ere badago, edozein lanegunetan, goiz edo arratsaldez, expomapas.paisvasco@correo.gob.es helbidera idatzita. Abenduaren 30era arte egongo da zabalik erakusketa.