'Lorategian' lau egunetan zehar arituko da pentsamendu kritikoa bultzatzen nazioarteko zenbait film 'indie'ren proiekzioekin. Zinema zikloaren bosgarren edizioa izango da aurtengoa, eta kontzeptu zehatz batzuen inguruan gogoeta egiteko landu da programazioa.
Abuztuaren 29an sinestesia izango da ardatz tematikoa, eta 'Khadak' film mongoliarra proiektatuko da. Abuztuaren 30ean maiztasunaren gaia landuko da 'Taming the garden' dokumental georgiarrarekin.
Irailaren 5ean 'A metamorfose dos passaros' film portugaldarraren txanda izango da, 2020an Donostiako Zinemaldian saria jaso zuena eta ziklo honetan memoriaren gaia ordezkatuko duena. Irailaren 6an zikloa amaituko da hainbat laburmetrairen proiekzioarekin. Aurrez landutako hiru kontzeptuak uztartuko dituzte laburmetraiek.
Filmak ikusteko sarrerek bost euro balio dute, eta Gasteizko Udalaren webgunean daude salgai. Zinema zikloa Olarizuko Etxaldeko patioan burutuko da, aire zabalean, baina eguraldiak ez badu laguntzen, proiekzioak etxaldearen barruan eskainiko dira.