Ehari-Gobeuko industrialdean, Bekolarra kalean, sutea piztu da gaur goizaldean, 02:45ak aldera, Gasteizko suhiltzaileek jakinarazi dutenez. Haragi produktuak lantzen dituen enpresa batean izan da sutea, "ikusgarria" suhiltzaileen beraien esanetan, eta ordu batzuk behar izan dituzte kontrolpean izateko. Seietan lortu dute geldiaraztea, baina eguna argitu ostean ere jarraitzen dute lanean suhiltzaileek, sutea guztiz itzali arte.
Pabiloi bat erre da, baina iturri batzuen arabera elkarren ondoan dauden bi pabiloi izan dira guztiz kiskalita gelditu direnak. Gasteizko suhiltzaileen parkeko kide guztiak bertaratu dira Ehari-Gobeura, eta baita Mercedes enpresako beste lau suhiltzaile ere, sutea zabaldu zedin saihesteko. Kalte material "ugariak" izan dira sutean, baina ez da inor kaltetua atera, suhiltzaileek jakinarazi dutenez.
Suhiltzaileek hasieratik ikusi omen dute erretzen ari zen pabiloia ezin zela salbatu, eta lana gehienbat inguruko pabiloiak babesten eman dute. Hala ere, keak ingurua kaltetu ahal izan duela ere adierazi dute.