Urrira arte zabalik dago Sabin Salaberri omentzeko erakusketa

Erredakzioa 2024ko abuztuaren 22a

Ignacio Aldecoa Kultur Etxean paratu dute erakusketa. Argazkia: AFA

Artista talde batek Koloredun notak izeneko pintura eta argazki erakusketa sortu du.

Sabin Salaberri Urzelai musika konpositore, zuzendari, irakasle eta ikertzaileak 90 urte bete dituela eta, margolaritzako eta argazkigintzako artista talde batek Koloredun notak izeneko pintura eta argazki erakusketa sortu du, eta Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egongo da ikusgai urriaren 2ra arte. Blanca Abajo Alda, Karol Fernandez Arberas, Amaya Camoeiras, Marijo Lojo Escalante, Ana Diaz de Espada, Zirika eta Susana Camoeiras dira erakusketa osatu duten artistak.

Lehen aldiz jendaurrean aurkezten dituzten hogei bat lan bildu dituzte erakusketan, konpositorearen figuran eta musikan oinarrituak. Erakusketaren bidez, Salaberriren figura omendu nahi da, bai eta euskal kulturari egin dion musika eta konposizio ekarpena ere.  Abuztuaren 20an bete zituen Salaberrik laurogeita hamar urte, eta egun horretan bertan inauguratu zuten erakusketa.

Sabin Salaberri

Aramaion jaio zen Salaberri musika konpositorea, zuzendaria, irakaslea eta ikertzailea. Konpositore gisa egin duen ekoizpen gehiena musika koralari dedikatu dio, baina beste eremu batzuk ere landu ditu, hala nola ahotserako eta pianorako abestiak zein ahotserako eta orkestrarako abestiak, bai eta organorako musika ere. Alde horretatik, eginkizun garrantzitsua izan zuen euskarazko lehen errepertorio liturgikoen osaeran.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago