Gasteizko Batailaren monumentuaren egungo egoera aztertuko dute

Erredakzioa 2024ko abuztuaren 22a

Profesionalek laginak atera eta laborategian aztertuko dituzte. Argazkia: Alea

Monumentutik laginak atera ondoren, azterketa zientifiko bat burutuko dute profesionalek laborategian, kontserbazio eta zaharberritzerako proposamen egokia egin ahal izateko.

Andre Maria Zuriaren plazako monumentu nagusiaren egungo egoera jakiteko, Gasteizko Udalak azterketa zientifiko bat jarri du abian. Petra enpresa esleipendunak egiaztapenak egingo ditu monumentuan bihar arte, eta azterketarako beharrezkoak diren laginak hartuko ditu. Bigarren fasean, laginak laborategira eramango dira aztertzeko, eta bulegoko lana egingo du enpresak. Guztira, analisiak 18.030 euroko kostua izango du, eta bost egun inguru iraungo du.

Azterketa honek monumentuaren kontserbazio eta zaharberritze zientifiko integralerako proposamena egiten lagunduko duela adierazi du Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak. Enpresa, Gasteizko Udaleko teknikak eta Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuko Zuzendaritza Teknikoa elkarlanean arituko dira ahalik eta informazio gehien ateratzeko helburuarekin, udalak adierazi duenaren arabera. Halaber, mantentze plan bat martxan jarriko duela jakinarazi du, monumentua zaharberritu ondoren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago