Jaietan izandako hamaika eraso sexistak arbuiatu dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2024ko abu. 9a, 22:26

Gasteizko Mugimendu Feministak deitutako elkarretaratzea jaietako erasoen aurka. Argazkia: ALEA

Gasteizko Mugimendu Feministak deituta, milatik gora pertsona bildu dira Andre Maria Zuriaren plazan, jaietan eman diren hamaika eraso salatzeko, emakume zein LGTBI pertsonen aurka.

Mugimendu Feministak jakinarazi du hamaika erasoren berri izan dutela Gasteizko jaietan zehar, eta "nazkatuta" daudela oihukatu dute, ehunka pertsonaren babesarekin. Babesa adierazi diete erasotuak izan diren pertsona guztiei, haiekin daudela esan diete ozen.

"Ez badakizu egoten, ez etorri", "Ez da kasu bat, patriarkatua da" edo autodefentsa feministaren aldeko aldarriekin bete da Andre Maria Zuriaren plazaren behekaldea, Mugimendu Feministaren deialdiari erantzunez.

Gizon zisheteroen arteko konplizitatea jarri dute jo puntuan gaurko agerraldian. Daukaten ardura hartu eta konplizitatea apurtzea beharrezkoa dela adierazi dute, "erasoak identifikatu eta geldiarazteko". Inguruaren jarrera ezinbestekoa da prebentzioan, ohartarazi dutenez. Eraso gehienak ezagunen aldetik jasotzen direla gogorarazi dute, jaietan emandako bi bortxaketekin gertatu bezala.

Atzo gauean txosnagunean bi eraso sexista eta eraso homofobo bat eman ziren, eta protokoloa aktibatu zuen Txosna Batzordeak, sirena jo eta zerbitzatzeari utzi zioten denbora batez, arazoa denei eragiten diela nabarmentzeko, larritasuna azaltzeaz gain.

Gasteizko taberna eta jai gune guztiei dei egin diete protokolo feministak landu ditzatela. Eraso asko tabernetan ematen direla azaldu dute, eta haien konpromisoa eskatu dute arazoari aurre egiteko.

Antolakuntza eta autodefentsa feministaren balioa nabarmendu dute, eta Mugimendu Feministaren protokoloarekin urteetan zehar egindako lanketa goraipatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago