Eider Garcia Duranak beste mugarri bat gainditu du emakume harri jasotzaile arabarrentzat

Erredakzioa 2024ko abu. 6a, 16:08

Eider Garcia Durana 100 kiloko kopa jasotzen. Argazkia: ALEA.

100 kiloko harri zilindrikoa, 'kopa', jaso duen lehen emakume arabarra bilakatu da Garcia. Beste marka batzuk ere hautsi ditu azken urtean. Irailaren 6an Eltziegon I. Arabako Emakumezko Txapelketa ospatuko da.

Abuztuaren 5eko eguerdian, Gasteizko jaien harira Foru plazan antolatutako herri kirol erakustaldian, Eider Garcia Duranak errekor berri bat lortu zuen. Bost aldiz jaso zuen 100 kiloko kopa, zilindro formako harria, hiru minutuko txanda ofizialean. Epaileek egiaztatu zuten balentria, eta hala, lehen emakume arabarra izan da 100 kiloko kopa altxatzen.

Garcia Duranak berak martxoan beste mugarri bat gainditu zuen, Euskal Telebista Publikoko Harri Herri txapelketan. 100 kiloko harri errektangularra altxatu zuen, eta ordura arte emakume arabarrek ez zuten inoiz hainbeste pisu jaso. Bi harri mota ezberdinekin 100 kilo atxatzen ere lehena izan da.

Eider Garcia Duranak 29 urte ditu, urte eta erdi eskas darama harriak jasotzen, eta hainbat errekor lortu ditu jadanik emakume arabarrentzat. Aipatutakoez gain, 2023ko urrian 75 kiloko bola jasotzea ere lortu zuen Izarran, lehen emakume arabarra izanik halako bat jasotzen.

Ibon Murgak, harri jasotzaile ohi eta Eider Garciaren entrenatzaileak, adierazi du Bizkaia eta Gipuzkoako emakumeek aurreko urteetan hautsi dituztela marka hauek, baina Arabako harri jasotzaileen historian mugarri izan dela aste honetako lorpena. Murgak azaldu du Araban historikoki jende gutxiago aritu dela harri jasotzen, emakume zein gizonak, eta horregatik joan izan direla "pixkat atzetik" markak hausteko orduan.

Beste marka bat ere hautsi dute Arabako emakume harri jasotzaileek. Lehen aldiz parte hartuko dute arabarrek Euskadiko txapelketan. Bestalde, Arabako Emakumezkoen lehen Txapelketa ere ospatuko da aurten, irailaren 6an Eltziegon.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago