GEU TXOSNA

Zabalik dago GEU elkartearen txosna

Erredakzioa 2024ko abu. 3a, 14:13

Euskal kulturgileei sariak banatuz hasiera eman diete jaiei GEU elkartean. Azken momentuan jakinarazi badiete ere, Ticket Bai sistema jartzen saiatu dira. Hala ere, bat egin dute jai herrikoien aldeko mobilizazioarekin, gaur, 19:00etan, Faroloitik hasita.

GEU elkarteak euskararen plaza bilakatuko du aurten ere Aihotz plaza. Han egongo da GEU txosna, atzo hasita, abuztuaren 9ra arte. Inaugurazio ekitaldian lau euskal kulturgile omendu nahi izan zituen elkarteak, eta sari bana eman zien Karmele Jaio, Paul Urkijo, Josune Velez de Mendizabal eta Beñat Goitia Benizzeri. Aurreskua dantzatu ostean, hasiera eman zioten arratsaldeko egitarauari. Ekintza ugari izango dira GEU txosnan jaietan zehar.

Azken momentuko sorpresa izan dute GEU elkartean. Izan ere, txosnaren muntaketa hasi aurreko egunean jakinarazi zieten lehen aldiz Ticket Bai sistema ezartzera behartuta zeudela. Ondoren instituzioen aldetik jarrera lagungarria jaso dutela adierazi badute ere, "egoera estresagarri eta tristean" jarri dituztela ohartarazi dute. Irabazi asmorik gabeko elkartea direla nabarmendu dute, eta "izaera herrikoiaren aurkako neurritzat" jo dute ezartzeko agindua.

Ticket Baiaren "inposaketa bidegabea eta zentzugabea" dela esan dute GEU elkartetik, baina saiatzen ari direla Ticket Bai sistema ezartzen, ezin dituztelako beren gain hartu etor daitezkeen isunak. Hala ere, gaur, abuztuak 3, egingo den mobilizazioarekin bat egin dute elkartetik, jai herrikoien defentsan. Txosna Batzordeak 19:00etan du deitua protesta, Faroloitik abiatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago