Gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikote ohia bahitu eta bortxatzea egotzita

Erredakzioa 2024ko abuztuaren 2a

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazio bat. Argazkia: ALEA

Gizonaren etxebizitzako gela batean giltzaperatua izan du emakumea, eta sexu harremanak izatera behartu. Marihuana landaketa bat ere atzeman dute etxean, eta osasun publikoaren aurkako delitua ere leporatu diote.

Ostegun honetan Ertzaintzak 34 urteko gizon bat atxilotu du Gasteizen, bikotekide ohiaren aurkako sexu erasoak, irainak eta indarkeria fisikoa egitea egotzita. Emakumea bahitzea ere leporatzen diote, gizonaren etxean giltzapean izan duelako.

Ertzainak etxebizitzara joan ziren atzo 10:00ak aldera, ustezko delituari buruzko informazioa lortu zutenean. Bertaratu zirenean gizonaren bikotekide ohia aurkitu zuten etxean, "indarkeria zantzu nabariak zituela aurpegian eta gorputzean", Ertzaintzak jakinarazi duenez. Biktimaren ahotik jakin zuten sexu harremanak izatera behartu zuela gizonak, iraindu eta kolpatzeaz gain, eta gela batean itxita izan zuela ateratzen utzi gabe. Etxean pixez betetako bi ontzi aurkitu zituen poliziak, ustez atxilotuak emakumeari emandakoak giltzaperatua zegoen bitartean pixa egin zezan.

Gainera, etxeko beste gela batean marihuana landaketa bat atzeman zuten ertzainek, 30 landare ingurukoa, eta baita doitasun handiko balantza bat ere. Ondorioz, osasun publikoaren aurkako delitua ere leporatu diote gizonari. Atxilotua epailearen esku gelditu da gaur goizean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago