Gaurtik hasita eta iraila amaierara arte El Hombre Orquesta ikus-entzunezkoa ikusgai egongo da Montehermoson. Jesus Pueyok idatzi eta zuzendutako bideo-instalazio tragikomikoa Jovellanos aretoan programatu dute. Hiru bideo eta audio kanal sinkronizaturen bidez, hiru pantaila bertikal handitan proiektatuko dira bideoak.
Artistaren hitzetan, "italiar erako antzerki gisa antolatutako display honen gainean, egilea tragikomedia digitala osatzen duten eta inork bertako partaide bihurtu nahi ez duen pertsonaiatan banatzen da".
Egileak Raul Lomasen laguntza izan du ikus-entzunezkoa ontzeko, musika konposizioan eta zuzendaritza lanetan. Hainbat esketxek osatzen dute obra, hasiera eta amaiera zehatzik gabe. 23 minutuko luzeera du lanak, baina loopean programatuko da, eta berdin du zein momentutan heltzen diren ikusleak, "modu independentean ondo funtzionatzen baitute eszenek".