Hamaika estreinaldirekin dator FesTVal jaialdia

Erredakzioa 2024ko abu. 2a, 11:59

Turismoko zinegotzia Maria Nanclares, Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendaria Clara Navas eta FesTValeko zuzendaria Joseba Fiestras, jaialdiaren aurkezpenean. Argazkia: Gasteizko Udala

Regreso a las Sabinas, Las Abogadas eta Pekin Express izango dira estreinaldi nagusiak. Irailaren 2tik 8ra, jaialdian izango dira Celebrity Masterchef saioaren bederatzigarren edizioko lehiakideetako batzuk, Gran Hermanoren itzulerako partaideetako batzuk eta Eurovision Junior lehiaketarako Espainiako hautagaiak.

XVI. FesTVal jaialdian udazken-neguko denboraldirako telebista estreinaldi nagusiak proiektatuko dira irailaren lehen astean. Gasteizko Europa Biltzar Jauregia izango dute agertoki Disney+, MAX, Mediaset Espainia, RTVE eta ETB plataformek, besteak beste, haien proiektuak aurkezteko.

Regreso a las Sabinas Disney+en telesailak, estreinaldi nagusietako batek, urte askoan elkar ikusi gabe egon diren ahizpen istorioa kontatzen du. Andrés Velencoso, Celia Freijeiro, Ángela Molina, Olivia Molina, Natalia Sánchez, Miquel Fernández, María Casal eta Nancho Novo agertzen diren aktore ezagun batzuk dira. Las abogadas telesaila aurkeztuko du RTVEk bere aldetik, Patricia Ferreirak sortua eta Lola Gonzalezen benetako istorioetan inspiratua. Paula Usero, Cristina Almeida, Almudena Pascual eta Elisabet Casanovasek antzeztuko dituzte pertsonaia nagusiak. Halaber, Pekin Express abenturazko lehiaketaren itzulera hartuko du bere baitan jaialdiak, MAX streaming plataformaren programa dena. Lehiaketaren formatua, jatorriz Belgikakoa, arrakastaz estreinatu da ia hogei herrialdetan.

Bestalde, FesTValek EITBren aurrestreinaldi sorpresa bat izango du urtero bezala, denboraldi berrirako apustua izango dena. Irailaren 3an denboraldi berriaren aurkezpena egingo da Andre Maria Zuriaren plazan, eta Euskal Telebistako aurpegi ezagunenek hartuko dute parte. Irailaren 4an, MAKUSI haur eta gazteentzat sortutako plataformak hartuko du tokia, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizunaren eskutik, 17:00etan. 

Gainerako estreinaldien artean egongo da Movistar Plus+en Alaska Revelada dokumentala, artistaren bizitzan murgiltzen den obra. Entrevías telesailaren azken denboraldiaren aurkezpena egingo du Mediasetek, Jose Coronado eta Luis Zaheraren telesail laudatua. Gran Hermano programaren itzulerarekin ere badator Mediaset, nazioarteko formatuaren argitalpenaren 25. urteurrenarekin bat eginez. Edizio honen partaide batzuen bisita izango du jaialdiak. Antena 3 kateak Beguinas telesailaren lehen atala proiektatuko du jaialdian, mendeetan ezkutuan egon den emakume horien historia erreferentziatzat hartu duen lana. Beti bezala, Masterchef Celebrityren denboraldi berria ere edukiko du jaialdiak egitarauan, eta parte hartzaileak ere bertan egongo dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago