GKS eta Etxebizitza Sindikatuak txosnetan egoteko eskubidea aldarrikatu dute berriz ere

Erredakzioa 2024ko abu. 1a, 11:19

GKS eta Etxebizitza Sindikatuak egindako agerraldia. Argazkia: GKS

Bat egin dute Txosna Batzordeak abuztuaren 3rako deitu duen mobilizazioarekin. Jaietan zehar zenbait ekimen antolatu dituzte.

Gazte Koordinadora Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin dute Gasteizen, txosnetan egoteko aukera ukatu zaiela salatzeko, eta aurkezteko aldarrikapen horri lotuta antolatu duten egitaraua. Jaietan haien ekarpena egin nahi dutela adierazi dute, eta "txosnetan parte hartzeko eskubidea" dutela aldarrikatu dute, beste behin.

Txosna Batzordeak ekainean argitaratutako ohar batean prestutasuna azaldu zuen urritik aurrera gatazka konpontzera bidean lan egiteko. GKS eta Etxebizitza Sindikatuak azken oharrean berretsi dute keinu hori begi onez ikusten dutela, baina ez dela egoera gainditzeko "bide orri zehatzik" existitzen. Hala ere, urrian irtenbidea adosteko prest agertu dira.

Txosnetan parte hartzea "ez da eskubide bat bere horretan", hala argudiatu zuen Txosna Batzordeak ekainean, eta ukatu egin zuen bi kolektiboak kanpo uztearen erabakia ez zela beto politikoa. Mugimendu Sozialistako eragileek ez dute beto politikorik aipatu azken irakurketan.

Ticket Ez

GKS eta Etxebizitza Sindikatuak bat egin dute Txosna Batzordeak Ticket Bai ezartzeko "inposizioaren" aurrean egindako kanpainarekin. Abuztuaren 3an mobilizazioa iragarri zuten txosnek, "jai herrikoien defentsan", eta parte hartzeko deia egin dute GKS eta Etxebizitza Sindikatuak ere. Adierazi dute txosnagunea "instituzioetatik haragoko jai eredu alternatiboak" eskaintzeko gunea dela, eta "hainbat eragile sozial eta politikoren autofinantzaketarako" gunea. "Aurrekari arriskutsua" dela esan dute Ticket Bai-aren "inposizioa".

Jaietarako egitaraua

Abuztuaren 4an eta 5ean ekimen ugari antolatu dituzte, haien aldarria kalera eramateko. 4an musika emanaldiak eskainiko dituzte, "Rap showcase" batekin, 21:30ean, eta bertan arituko dira Rafus, Black Snare, Calie eta Mateo Zikuta, besteak beste. Ondoren, 00:00etan Bassagain Soinu Sistemaren emanaldia izango da. Abuztuaren 5erako egun osoko egitaraua prestatu dute. Jam Sessiona, bazkaria, bingo musikatua, txaranga eta kontzertuekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago