Amets Mtz. de Heredita

"Trans kolektiboa da zaurgarriena; areagotu egin dira erasoak"

Anakoz Amenabar 2024ko abu. 12a, 08:00

Martinez de Heredita, Ikusgunek Alde Zaharrean duen egoitzan. Argazkia: A. Amenabar / ALEA

2023ko datuak biltzen dituen txostenaren zain, Ikusgunek jaso dituen LGTBI+fobia kasuak areagotu egin direla azaldu du Amets Martinez de Heredita koordinatzaileak; besteak beste, Trans legeen aitzakian "erresistentziak" atera direla eta eraso transfoboak ugaritu direla nabarmendu du.

Azkeneko urteetan gorroto diskurtsoen gorakada izan dute kezka nagusia Ikusgune Gasteizko LGTBI+fobiaren kontrako behatokian, eta momentu honetan ere hala da, Amets Martinez de Heredita (Gasteiz, 1981) koordinatzaileak azaldu duenez. Oraindik ez dute iazko datuen txostena aurkeztu, baina inoiz baino indarkeria kasu eta gertakari gehiago jaso dituztela aurreratu du.           

Inoiz baino beharrezkoagoa da behatokiaren lana?

Inoiz baino beharrezkoagoa da, eta horren erakusle da beste behatoki batzuk sortzen ari direla, eta guk egiten dugun lana erreferentetzat dutela. Bisita ugari jasotzen ditugu gure lana ezagutzera datozenekin. Kataluniakoarekin batera, gurea eredu da estatu mailan. Edozein kasutan, orain arte LGTBI+fobia gertakariak izan ditugu, kalean, eskolan, lanean edo familian, baina inork ez zuen kontatzen. Hain zuzen, hausnarketa hori egin genuen Lumagorri elkartean 2017an, behatoki baten beharra ikusten genuen; jendea guregana heltzen zen, erasoa larria baldin bazen norabait mugitzen ginen, baina horretara heltzen ginen. Urtean behin txosten bat aurkezten hasi ginen, gertatutako guztiak bilduta, eta horrek bi gauza jarri zituen mahai gainean. Alde batetik, LGTBI+ pertsonek pairatzen duten indarkeria guzti hori biltzen dela txosten batean, larritasunaren maila bat edo beste izan, guztiak jartzen dira eta, beraz, indarkeria guzti horiek agerian geratzen dira. Eta, beste alde batetik, zenbaki zehatz bat ematen digu; zenbaki hori guretzako oso hotza izan daiteke, zenbaki baten atzean beti istorioak daudelako, baina zenbaki horrekin errealitate bat ikusarazten dugu, eta errealitatea mahai gainean izanik, orduan hasten dira horri aurre egiteko proposamenak, neurriak edo ardura banaketak.

Esan dezakegu LGTBI+fobiaren Gasteizko erradiografia oso bat dugula? 

Ez, inondik inora. Beharbada guk beste batzuk baino gehiago dakigu, baina asko daukagu oraindik jakin gabe. Agerian ez dauden indarkeria asko daude. Gasteizko Udalak plazaratutako Desirak plazara diagnostikoan argi geratzen da pertsona batzuek ez dakitela indarkeria kasu baten aurrean daudela, LGTBI+fobia kasu baten aurrean. Beste batzuetan gertatzen da fobia kasu horiek onartu egiten ditugula, eskolan beti esan didatelako bollera edo marika naizela eta, tira, hala izango da; nolabait horrekin bizi gara, eta askotan esan dugu horrekin amaitzeko momentua dela. Beste batzuetan ez dago aukerarik hori guztia salatzeko, bai baliabide ekonomikorik ez dagoelako, ingurune sozialak baldintzatzen duelako, edo beste indarkeria mota batzuei ere aurre egin behar dietelako. Ugariak dira salaketak ez jartzeko arrazoiak. Eta ez bakarrik salaketa judizialak; eragileetara etortzen ez diren pertsonak ere badaude.

"Ugariak dira salaketak ez jartzeko arrazoiak, ingurune sozialak baldintzatuta"

Zein taldetara iristea da zailena?

Edadetuak, adibidez, ez dira etortzen, eta migranteak kasu askotan ere ez. Babes sozial handiagoa duten beste lagun batzuek euren kabuz konpontzen dute edo lortzen dute erreparazioa. Bada kolektibo bat oso zaurgarria dena, gutxieneko baliabideak ere ez dituena.

Landa ingurura ere heltzen da Ikusgune?

Aldundiaren laguntza bati esker, bi hilabeteko lana izan dugu herrietan, eta oso balorazio ona egiten dugu. Herrietako jaietara hurbildu gara, 21 herritan izan gara, betiere tokiko jai batzorde eta udalekin harremanetan. Gure helburua ez zen Gasteizen Ikusgunek duen helburu bera; batez ere, Ikusgunek dituen bideak zabaltzeko modu bat izan da, baina baita termometro bat sartzeko aukera ere, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Herrietatik harrera bikaina jaso dugu, eta ikusi dugu jendeak eskatzen duela LGTBI+ jardueren berri izatea, eta, era berean, halako behatoki bat izatea, gertatzen zaiena kontatu ahal izateko espazio bat, inork epaitu edo iraindu gabe.

Kexa bat jasotzen duzuenean, zein da Ikusgunen jarraitzen duzuen protokoloa?

Kexa bide ezberdinetatik hel daiteke. Ikusgunek duen webgunearen bitartez –ikusgune.eus–, telefonoz – 633 309 653–, sare sozialetatik, edo aurrez aurre bulegoan. Beti saiatzen gara salaketa egin duen pertsonarekin harremanetan jartzen, zer gertatu den ikusi eta zer aukera dauden aztertzeko; pertsona horrek salaketa judiziala edo lesioen partea jarri nahi baldin badu, guk laguntza eskainiko diogu horretarako; eta nahi ez badu, eta erasoak nolabaiteko larritasuna badu, Berdintasun zerbitzuaren bitartez udalari jakinarazten diogu. Aztertzen da zer nolako beharrak dituen pertsona horrek, zerbitzu sozialetan laguntza behar ote duen edo bestelakorik, eta horiek kudeatzen saiatzen gara, betiere Udalarekin elkarlanean.

Kirol arloko LGTBI+fobiaren aurkako partida, Landatxon. Argazkia: Ikusgune

Seigarren txostena aurkeztu behar duzue Ikusgunen 2023ko datuekin. Nolako joera antzeman daiteke?

Oraindik datu horiek lantzen ari gara. Baina esan dezakegu inoiz baino indarkeria kasu eta gertakari gehien jaso dugula. Inoiz baino gehiago ezagutu ditugu, eta hori berri ona da, LGTBI+fobiaren egoeraren berri ematen digulako, zer gertatu den, non, noren kontra. Ikus daiteke gorroto diskurtsoak areagotzen ari direla, eta horrek informazio asko ematen du horren inguruko politikak egin ahal izateko. Geroz eta gehiago jakitea oso berri ona da, eta hori da Gasteizen dugun abantaila bat. Hortik abiatuta, noski, gertatu den gertakari bakoitzari erreparatu egin beharko diogu eta horren inguruko neurriak hartu behar. Lanpostuan eman bada, adibidez, enpresa batzordeei begira jarri beharko dugu. Espazio publikoan gertatu baldin bada, zalantzarik gabe instituzioek ardura bat dute hor, eta horren inguruan ere hausnartu egin beharko da. Eman diren eremu guztietan erabakiak eta hausnarketak egin beharko dira.

Joera aldaketarik antzeman duzue? 

Sare sozialetan, esaterako, oso zaila da neurtzea, baina egia da hauetan ematen dela gorroto diskurtso gehien. Batez ere trans pertsonen kontra izaten dira, eta batez ere trans emakumeen kontra. Trans legeen inguruan sortu den testuingurua baliatu dute batzuek trans kolektiboaren kontrako gorroto mezuak zabaltzeko. Lehen trans kolektiboa kolektibo zaurgarriena zen, eta gaur egun ere hala da.

Zeri erreparatu beharko genioke? Non arreta jarri?

Gure txosten guztiak ikusten badituzue, beti planteatzen dugu espazio publikoa dela eremurik handiena, gertakari gehien ematen den eremua, baina gauza kuriosoa gertatu zen pandemian, ikusi genuen espazio publikorik ez zegoenez hori guztia familiara eraman zela. Gaur egun, berriz ere, espazio publikoa da gertakari gehien jasotzen duen eremua, eta, bestetik, lanpostua ere bada kezkatzen gaituen eremu bat, eta hor hausnarketa bateratu bat egin beharko genuke, ez bakarrik instituzionala; norberaren ardura ere bada halako egoera baten aurrean esku hartzea. Bestalde, aurten pintaketa ugari agertu zaizkigu eskoletan, eta hor gure kezka oso handia da. Ikasle baten horma-irudia apurtzen badu pintaketa horrek, gainera, hor mezua oso argia da, komunitate osoari helarazten zaion mezua delako. Hausnarketa egin beharko genuke. Mezu horiek askotan ikusten ditugu ultraeskuinak jartzen dituen pankartetan edo zenbait instituziotatik zabaltzen ari diren mezuetan. Lotura bada.

Leku seguruak dira eskolak LGTBI+ jendearentzat?

Esango nuke gaur egun seguruagoak edo atseginagoak direla, baina horrek ez du esan nahi erasorik ez dagoenik, LGTBI kolektiboak aurrera egin duen momentuan erresistentziak ere agertu baitira. Gaur egun gazteek sexu eta genero identitatearen inguruan dituzten hausnarketak guk gure garaian ez genituen, beraz, alde horretatik, oso positiboa da eskoletan ematen ari den aldaketa hori. Egia da, halere, batzuetan beharbada ez dagoela baliabide nahikorik eta batzuetan irakasleen militante lanari esker heltzen zaiela gaia askori. Argi izan behar dugu sexu eta genero aniztasuna ez dela noizean behin edo hiru hilabetero eman beharreko bi orduko kontutxo bat, baizik eta askoz ere iraunkorragoa izan beharko den gaia, eta egunerokotasunean txertatu beharko genuke hori.

"Pertsona ez-binarioak gure artean daude, eta aitortuak izan behar dira"

Patio ordua izan ohi da kezkagarriena?

Patioa arazo bat da, besteak beste, futbolak bazterrean uzten dituelako ikaskide batzuk. Edonola ere, kirolari lotuta oso adibide politak ditugu Gasteizen, eredu direnak; aurrekoan, esaterako, Landatxon jardunaldi batzuk izan genituen Gaztedi rugby taldea eta Miaukatuz kirol klubarekin. Gaia lantzen ari dira, eta ez bakarrik parte hartzen dutenen artean, ikusleei begira ere badaude, han ere diskriminazio ugari ematen delako. Auzolanaren bitartez aurre egin behar zaie diskurtso arrazista, matxista eta LGTBIfobikoei.

Lantegi handiek, laster, LGTBI+ protokolo bat izan beharko dute. Beharrezkoa al da?

Bai, zalantzarik gabe. Protokoloak ezarri beharko dira enpresetan, baina borondatea ere erakutsi behar da. Duela gutxi ESK sindikatuak jakinarazi zigun hauteskunde sindikalaren testuinguru horretan bi transfobia kasu jazo direla; batean, enpresa tematuta zegoen langile horren generoa zabaltzearekin, inolako beharrik gabe, eta horretan ardura zuzena enpresarena da. Azkeneko urteetan saiatu izan gara sindikatuekin horrelako elkarlanak egiten, eta batzuetan fruitu onak eman ditu. Honi ere auzolanean egin behar diogu aurre, bazterketa horiei aurre egiteko modu bakarra da. Eta ez bakarrik ikuspegi punitibista batetik, baizik eta gertatzen dena zuzendu eta berriro gerta ez dadin baldintzak sortzeko.

Urtebete da Espainiako Trans legea onartu zenetik, eta joan den astean EAEko legearen bigarren erreforma izan zen. Nolako balorazioa egiten duzue? Paperean jarritakoa praktikara eraman da?

Paperean jarritakoa politagoa izan zitekeen, baina ez dago gaizki. Urte baten bueltan, esan dezakegu oraindik ere gaur bertan erregistroarekin arazoak daudela. Gasteizen trans lagun batzuek erregistroan euren aldaketa egiteko oztopoak dituzte, besteak beste, hitzorduak ematen ez dituztelako eta espediente batzuk galdu egin direlako. Gaur bertan jaso dugu kexa bat uztailean egin zen erregistro aldaketa baten ingurukoa, oraindik gauzatu ez dena. Legearen arabera, gehienez hilabete batean bete behar da. Ardura politikoa ez da bakarrik legea egitea, baizik eta legeak esaten duen hori guztia betearaztea, eta instituzioek horretan gauza asko dute egiteko.

Lege bat egiten denean araudia egin behar da, eta araudiak egin gabe daude oraindik; aurreko astean jakin genuen Lan ministerioak sindikatu batzuk deitu dituela horren inguruko protokoloak prestatzeko, beraz, egiten ari dira. EAEn onartu den lege berriari dagokionez, gogoratu aurreko trans legea ez dela inoiz garatu, besteak beste, lan munduari begira zeuden konpromisoak inoiz bete ez direlako. Oraingoan garatu beharko da, eta gure lana horri jarraipena egitea da, lege hori azken muturreraino bete dadin. Alde ilunean, bestalde, Madrilgo legean pertsona ez-binarioak ez ziren aitortuak izan, eta hemengoan aitortuak izan gabe jarraitzen dute. Beraz, esan dezakegu, lege honek hirugarren modifikazio bat beharko duela.

"Askotan onartuta ditugu fobia kasuak, eskolan beti 'bollera' edo 'marika' esan digutelako"

Zer argudio ematen dute aitortza hori ez egiteko?

Ez dakit ausardia falta izan den. Gorroto diskurtso batzuei erantzuteko ausardia falta da, ziurrenik. Baina pertsona ez-binarioak gure artean daude, euskal jendartean ere badira, eta aitortuak izan beharko dira. Guk aitortzen ditugu, eta instituzioek lehenbailehen ere aitor ditzaten lan egiten ari gara.

Ezjakintasuna ere bada?

Ezjakintasunari oso modu errazean aurre egiten zaio: ezagututa. Deitu ditzatela pertsona ez-binarioak, euren testigantzak jaso ditzatela, hau guztia nola bizi duten entzun dezatela. Oso garrantzitsua da kolektibo honi ahotsa ematea, eta horretarako batzorde aproposak dituzte Legebiltzarrean. Hori egiten dutenean konturatuko dira gure artean daudela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago