Formula Student United Kingdom lehiaketan aipamen berezia lortu du Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Formula Student Vitoria (FSV) taldeak. Ibilgailuak diseinatzen, eraikitzen eta horiekin lehiatzen aritzen dira mundu osoko ikasleak, eta Silverstone ibilbide ikonikoan egindako lehiaketan "Best Newcomer" edo errebelazio ibilgailu onenaren saria irabazi du Gasteizko taldeak.
Bizkor EV03 izeneko monoplaza aurkeztu du FSVk, eta "bi mugarri handi lortu" dituzte lehiaketan. Batetik, diseinu proban finalista izatea, bertan ebaluatzen baitira diseinuaren eta manufakturaren atzean dauden ingeniaritza alderdiak eta taldearen kudeaketa. Eta errebelazio saria, bestetik, "hurrengo lehiaketei baikortasunez" begiratzera eraman dituena.
Formula Student United Kingdom urtero ospatzen da, eta mundu mailako ingeniaritza ikasleen txapelketa entzutetsuenetakoa da. Hala ere, ez da hemen amaitu Gasteizko ikasleen abentura, beste lehiaketa batzuetara ere aurkeztuko baitira. Espainiako Formula Student lehiaketara, eta munduko lehiaketa garrantzitsuena den Formula Student Germanyn ere lehiatuko dira, abuztuan biak.