Tenperaturak 37 gradukoak izango dira gaur ere hiriburuan, Euskalmeten arabera. Hori dela eta, Gasteizko Udalak alerta laranja aktibatu du, Bero Planeko neurri batzuk martxan jarriz. Udalaren jardunpeko zenbait kanpoko aktibitate egokituko dituzte, hala nola BIZAN zentroen sarekoak, eta Gizarteratze Zerbitzuak arreta ematen dieten pertsonen dietan fruten eta barazkien kontsumoa handituko du.
Halaber, beroari aurre egiteko zenbait jardunbide gomendatu ditu udalak. Gasteizen 29 babesleku klimatiko daudela gogorarazi du, herritarrek bero handiko orduak ekidin ditzaten, eta arrisku maila handiko kolektiboei arreta berezia emateko gomendioak zabaldu ditu. Azken hauen artean daude haurrak, adinekoak, gaixotasun kronikoren bat pairatzen duten pertsonak eta haurdun daudenak, besteak beste. Bestalde, gomendio orokor gisa, behar bezala hidratatzea eta betiere gorputza fresko mantentzea komeni dela gogorarazi dute.