Gasteizko Neskak eta Blusak eta Gernika-Palestina herri ekimena batu egin dira "Palestinako herriaren aurkako genozidioa salatzeko" eta euren "elkartasuna adierazteko". Gatazkari ikusgaitasuna emateko, blusen eta nesken kuadrilla batzuek ekimenerako sortutako zapia banatu dute kideen artean, gaur Aihotz plazan egindako aurkezpenean, eta jaietan zehar salgai egongo da gune ezberdinetan, abuztuaren 3an hasita. Bildutako dirua herri palestinarraren beharrak asetzen laguntzeko erabiliko da, Gernika-Palestina elkartearen bidez.
Blusek eta neskek gainerako eragileei dei egin diete ekimena Euskal Herriko beste lekuetan zabaltzeko. Zapiaren diseinua Bilboko konpartsei eta Donostiako Piratei ere eskaini diete, ekimenarekin jarraitzeko. Ibon Meñikak, Gernika-Palestina elkarteko kideak, nabarmendu du "jaietan genozidioak ez dituela oporrak hartzen". "Badakigu bildutako dirua ez dela nahikoa Palestinaren beharrak asetzeko, baina, ekimen honekin batera, euskal herriaren elkartasuna erakutsi nahi diogu Palestinako herriari", gehitu du Meñikak. "Atturritik Ebrora, ibaitik itsasora".