1974ko uztailaren 26an istripu hilgarria gertatu zen Gasteizen, Arriagako Atea eta Juan Garai kaleen arteko bidegurutzean. Bi zisterna kamioiren arteko talkak leherketa handia sortu zuen goizeko 03:45ean, eta hamaika lagun hil ziren leherketaren ondorioz. Beste iturri batzuen arabera hamahiru izan ziren hildakoak.
Gasteizko Udalak adierazi duenez, Pilar auzoko milaka bizilagunen oroimenean "betiko gordeta" gelditu bada ere, gasteiztar gehienek ez dute gertakariaren berri. Gaur, 50. urteurrenean, omenaldia egin nahi izan diete istripu tragiko hartan hildako pertsonei. Harrera ofiziala antolatu du udalak, eta plaka bat jarri dute istripuaren tokian, "kaltetutako pertsonen eta familien oroitzapena omentzeko eta hiriak ahaztu ez dezan". Miren Fernandez de Landa zinegotziak adierazi du biktimek ez zutela "merezitako arreta guztia jaso", eta urteurrena une egokia izan daitekeela "zor horren zati bat kitatzeko".
Dokumentala eta erakusketa
Pilar auzoko sareak dokumental bat ondu du Arriagako hondamendiari buruz. Carlos Cordovilla eta Antonio Pululuk ekoitzi, filmatu eta editatu dute, orain arte ikusi gabeko irudiekin eta bertatik bertara bizi izan zuten bizilagunen testigantzekin. Gaurtik aurrera ikusgai dago, hemen sakatuta.
Bestalde, istripuaren inguruko argazki eta prentsa zatiekin erakusketa bat osatu dute, eta Pilarreko gizart etxean egongo da ikusgai abuztuaren 31ra arte.