Sortzaileentzako hiru deialdi aurkeztu ditu Izaskun Arrue Kulturguneak

Erredakzioa 2024ko uzt. 24a, 11:00

Libe Garcia de Cortazarren kontzertua IAKren inaugurazioan. Argazkia: ALEA

Mikroantzerkiak, musikari hasiberriak eta askotariko kultura jarduerak sarituko dituzte IAKn. Zabalik dago jadanik izen emateko epea.

Ateak zabaldu eta bete-betean ekin dio Izaskun Arrue Kulturguneak euskarazko kulturgintza sustatzeari. Hiru deialdi aurkeztu berri ditu. Taulara, mikroantzerki lehiaketa; Egin leku, musikari hasiberrientzako plaza; eta Muina, kultura jardueren proposamen poltsa. Denetan zabalik dago jadanik izen emateko epea.

Euskarazko sorkuntzak duen "berebiziko garrantzia" azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Pixkanaka sorkuntza gune bilakatu nahi dute IAK, sormena sustatuz, sortzaileen garapenean lagunduz eta euskal kultura zabaldu eta gizarteratzeko lan eginez. Horretarako jarri ditu martxan Lazarraga elkarteak hiru deialdi berri hauek:

Taulara

Deialdi hau, Egin leku bezala, Oihaneder Euskararen Etxean hasi zen, eta hirugarren edizioa du oraingoa. Formatu txikiko antzezlanak ekoizteko laguntza da, eta hiru sari banatuko ditu. Jatorrizko gidoi onena sarituko da, batetik, 1.500€rekin. Bestetik, jatorrizkoak ez diren eta 2022tik hona sortutako gainerako lanetatik bik jasoko dute 750€ko saria. Eta azkenik, publikoaren saria ere izango da, 500€ jasotzeko aukerarekin.

Irabazleen lanak Izaskun Arrue Kulturgunean eskaintzeko aukera izango da, eta garapenarekin eta hedapenarekin ere lagunduko du elkarteak. Euskal Herri osoko antzerki sortzaile, aktore eta taldeak aurkeztu daitezke deialdi honetara. Proposamenak aurkezteko azken eguna irailaren 30a izango da, eta hemen topatu daitezke oinarriak eta izen emateko fitxategia.

Egin leku

Lehen urratsak ematen ari diren musikariei leku bat eskaintzera dator Egin leku, edozein musika estilotan eta bakarka zein taldeka aritzen direnei. 35 urtetik beherako euskal herritarrak aurkeztu daitezke, hasiberriak badira, ez badute modu profesionalean diskorik grabatu lehenago.

Irabazleek IAKn kontzertua emateko aukera izango dute, 300€ jaso eta urtebeteko bazkidetza emango zaie Musikari elkartean. Abuztuaren 30era arte dago epea zabalik, eta hemen ikus daitezke oinarriak eta izen emateko modua.

Muina

Aurreko bi deialdiak ez bezala, lehen aldia da Muina antolatzen dena. 2025ean IAKn garatuko diren arabar kulturgileen proposamenak jasotzeko deialdia da. Diziplina ezberdinetako bost lan aukeratuko dira, ikuskizun bat, hitzaldi bat, ikus-entzunezko proiekzio bat, ikastaro bat eta lantegi bat.

Jarduera motaren arabera 250 eta 800€ arteko saria jasoko dute irabazleek. Kasu honetan Arabako herritarrei dago zuzendua soilik, eta abuztuaren 22ra arte dago epea zabalik. Hemen informazio gehiago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago