Gasteizko Principal antzokiak zaharberritze-lanak hasiko ditu laster, eta aldi baterako agur esango du abuztuan. Baina, horren aurretik, uztailaren 31n agur berezia emango diote Udako Oroimenak kontzertuarekin.
"Gasteizko eraikin honi, herritarrei eta kultura-eragileei nolabait omenaldia egitea" izango da azkeneko kontzertuaren helburua, Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak azaldu duenez. "Topaketa magikoa lortu nahi genuen agertokian, elementu eta osagai garrantzitsuak bilduko zituena: euskal artistak izatea, kalitate handia izatea, publiko mota guztientzat erakargarria izatea eta zirraragarria izatea. Une gogoangarria sortu nahi genuen, ez bakarrik eraikin honentzat, baizik eta hiriko kultura eszenikoarentzat eta antzoki hau beti txaloz bete duen publikoarentzat".
Hain zuzen ere, ikuskizun honetan abesti ezezagunak eta Fernando Velazquez konpositore eta kontzertuaren zuzendariak egokitutako klasikoak entzuteko aukera izango da. Gainera, lau bakarlari berezi izango dira: Iñigo Etxezarreta (ETS), Idoia Asurmendi abeslari, konpositore eta musikaria, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi) eta Josune Arakistain (Süne). Musikari hauekin batera, ia 50 euskal musikarik osatutako orkestra izango da.
Sarrerak salgai daude Principal antzokiaren webgunean eta leihatilan.