Begi bistako utzikeriaren eta inbertsio faltaren biktima da Gasteizko Eskoriatza-Eskibel jauregia, eta egoera horren erakusgarri Hispania Nostra erakundeak zerrenda gorrian sartu izana. "Jauregi errenazentista zerrenda gorrian sartzeak ikusgarritasuna eman beharko lieke eraikinak dituen arazoei, eta aukera eman neurri egokiak bultzatzeko; gutxienez, narriadura geldiarazteko, eta, ahal izanez gero, eraikina berriro erabiltzeko", esan du ondarea zaintzeaz arduratzen den erakundeak. "Ez dugu ahaztu behar Euskal Herriko arkitektura zibil errenazentistaren adibiderik onenetakoa dela, eta, beraz, arreta handiagoa merezi duela", azpimarratu dute.
Hispania Nostrak 2007an jarri zuen martxan Ondarearen Zerrenda Gorria, gizarteari bere kultura eta natura ondarearen defentsan, kontserbazioan eta hobekuntzan parte hartzeko bide bat eskaintzeko eta bere balioak desagertzeko, suntsitzeko edo eraldatzeko arriskuan dauden ondasun guztiak ikusarazteko. Eskoriatza-Eskibel jauregiarekin batera, Gasteizko beste lau eraikin daude egun bere zerrenda gorrian: Andre Maria Zuriaren plazan dagoen Gasteizko Guduaren monumentua, Alaba-Eskibel jauregia, Goya hornitegia eta Alfaro Fournier etxea. Herrialdean, berriz, beste sei eraikin daude arriskuan: Araiko eta Sasetako elizak, Trebiñuko Konderrian; Sobrongo eliza; eta Laudioko Etxebarri baserria.
Inbasio begetala eta karkoma
Eskoriatza-Eskibel jauregia aparteko balioa duen eraikina da, babes integrala du, eta gainera, EAEko Monumentu Multzoa izendatuta dago. Alta, gaur egun, eraikina jendearentzat itxita dago. Hispania Nostrak azaldu duenez, estalkiak 2011n eraberritu ziren, baina saneamenduko ihesaldi batek kalteak eragin ditu argiontzian eta patio errenazentistako zoruan. "Gainera, pitzadura dago patio horretako baranda, pilare, kapitel eta erliebeen harrian". Harresiaren hormak landareek eta goroldioak inbaditu dute, eta leihoetatik eta pertsiana kaxetatik ere sartu omen dira. "Logiaren fatxadak ere harriaren pitzadura eta zenbait desplazamendu erakusten ditu", azaldu du erakundeak. Halaber, egiturak karkoma eta onddoak dituela jaso du Hispania Nostrak, baita zerrautsa eta zurezko pieza askatuak ere; eta are gehiago, habe batzuek eusteko ahalmena galdu dutela. Era berean, ohartarazi dute patioan nahi ez diren ur sarrerek eta hegaztien izurriteek "kalte itzulezinak" eragin ditzaketela patio bereziko harrian.
2018an, Eskoriatza-Eskibelen egitura arazoak identifikatzen zituen txosten bat egin zela gogoratu du Hispania Nostrak, eta horiek zuzentzea proposatu eta baloratu zen. Halere, aldizkako eta etengabeko mantentze lan eta esku hartze faltak "egiturazko eta eraikuntzako narriadurak aurrera egitea ahalbidetu dute".
Denetariko erabilerak izan ditu
Fernan Lopez de Eskoriatza mediku eta humanista gasteiztarrak eta Victoria de Anda y Eskibel emazteak agindu zuten Eskoriatza-Eskibel jauregia eraikitzeko. Obrak 1540an hasi ziren, eta jauregia eraikitzeko zenbat denbora behar izan zen jakin ez arren, jakina da Fernan Lopez de Eskoriatza doktoreak eta haren emazte Victoria de And y Eskibelek ez zutela jauregia amaituta ikusi, biak eraikuntza lanak hasi eta hurrengo urtean hil baitziren.
Mendeetan zehar erabilera anitz izan ditu jauregiak, funtzio ugarietara egokitzeko. XVII. mendera arte Eskoriatza familiaren egoitza izan zen; hurrengo mendean Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak alokatu zuen; eta 1808an, frantziar okupazioan, batzuetan kartzela bezala erabili zen. 1814an, berriz, udalak alokatu zuen eskola bat jartzeko; eta 1823an, San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioarekin, kuartel gisa erabili zen; Lehen Karlistaldian ere erabili zuten militarrek. 1843an, Domingo Anbrosio Agirrek erosi zuen seminarioa jartzeko, baina XIX. mendean tuberkulosiaren aurkako sendategi gisa ere erabili zen. Azkenik, 1968an zaharberritu egin zuten, eta gazteen egoitza gisa eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko Batzordearen egoitza gisa erabili zuten. XXI. mendean zehar bisita turistiko eta kulturalen programak garatu dira bertan, aldi baterako erakusketak antolatu dira, ekitaldiak... Gainera, Santa Maria Katedraleko obrengatik kultua itxita egon zen bitartean, ezkontzak egiteko erabili zen.