Bikotekideari eta familiari heriotza mehatxua egitea egotzita, gizon bat atxilotu dute Gasteizen

Erredakzioa 2024ko uzt. 22a, 15:02

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa, Gasteizen. Argazkia: ALEA

Gasteizko Udaltzaingoak ostiralean gauean atxilotu zuen ustezko erasotzailea, Sansomendi auzoko etxebizitza batean.

Udaltzainek 45 urteko gizon bat atxilotu zuten ostiral gauean, genero indarkeriako eta etxeko indarkeriako bi delitu egotzita, bikotekideari eta haren seme-alabei eta amari heriotza mehatxuak egiteagatik.

Gertaera 22:00ak baino lehentxeago jazo zen, 092 telefonora emakume batek deitu zuenean, Sansomendi auzoko etxebizitza batean polizia joatea eskatzeko; emakumeak azaldu zuenez, bere bikotekidea atariko txirrina jotzen ari zen behin eta berriz, eta irekitzeko beldur zen. Patruila bat berehala bertaratu zen, eta alde egiten ari zen gizona aurkitu zuen. Polizia bat harekin elkarrizketatzen ari zen bitartean, beste batzuk etxera sartu ziren, zer gertatu zen argitzeko.

Udaltzainei azaldu zietenez, minutu batzuk lehenago, eztabaida bat izan zuten familian, eta gizonak heriotza mehatxuak egin zizkien emazteari eta haren seme-alabei eta amari, eta, ondoren, etxetik alde egin zuen. Itzuli zenean, emakumeak, beldurrez, barrura sartzea galarazi zion. Gertatutakoa ikusita, poliziek gizona atxilotu zuten.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago