Gasteizko Kultura zinegotzi lanetan urtebete igarota, "lan intentsoa" izaten ari dela aitortu du Sonia Diaz de Corcuerak (Bilbo, 1970). Intentsoa planifikazioan, jardueretan eta kultur eragileekin harremanetan. Gasteizko jaiak ditu ate joka, ostean hasiko da Principal antzokiaren erreforma, eta plan estrategikoa ontzeko azken bultzada ere zain ditu, hamaika lanen artean.
Besteak beste, kulturaren plan estrategikoa abiatu duzue. Noizko izango da prest?
Kultura zinegotzi gisa ezarri nuen lehen helburuetako bat izan zen 2028ra arteko kultura estrategia antolatzea. Kultura sailean gauza asko egiten dira, gauza asko planifikatzen dira, kultura eskaintza oparoa dago, baina uste dut hori guztia ordenatu egin behar dela, bide orri batean jaso, partaidetza prozesu bat oinarri duen estrategia batean. Planik gabe lan egin daiteke, baina zaila da helburu bateratu batzuetara heltzea. Horretan ari gara buru-belarri, maila desberdinetan, kultura arloko 80 lagunen partaidetzarekin egindako lana biltzen eta aztertzen, eta iraila amaieran aurkeztuko dugu. Gasteiz oso hiri interesgarria da, arraroa da ekitaldi edo jaialdirik gabeko asteburu bat, gauza asko gertatzen dira, eta erreferente izatea lortu behar dugu.
Zer aldaketa susmatzen dira?
Estrategia bat izatea dagoeneko funtsezko aldaketa da. Herritarrei galdetzea funtsezko aldaketa da. Sektorearen iritzia jasotzea funtsezko aldaketa da. Orain, adibidez, erronka bat dugu esku artean; Principal antzokiaren itxiera erronka bat izango da, eta agian aukera ere bai ikusteko gai den sail hau arte eszenikoak eta kontzertuak programatzeko beste modu bat birbideratzeko edo marrazteko. Sektoreak egindako eskaeren ondorioz ere, aldaketak egongo dira artisten egoitzei dagokienez, tokikoak diren ekimenak programatzeari dagokionez, eta gaur iristen ez garen beste ekimen batzuk aztertzeari dagokionez. Aldaketak etor daitezke berrikusi beharreko, hobetu beharreko eta aurrez aurre begiratu beharreko kultur ekipamenduetan ere. Hortik etor daitezke aldaketak.
Hori guztia Diputazioarekin koordinaturik?
Ez, ez dago koordinaturik.
Arreta ematen du bakoitzak plan estrategiko bat izatea, eragile kulturalak berberak izanik...
Baina logikoa da eskumenen esparruak markatzen duelako estrategia. Bakoitzak bere eskumenetan egin behar du lan, eta udalak ez du eskumenik, demagun, ondare artistikoan eta arkitekturan. Halere, udal plana, logikoa denez, lotuta dago Aldundiaren planarekin eta Jaurlaritzaren planarekin; ez gara plan bat eratzen ari lurraldeko beste planei bizkarra emateko. Lotura bat badute.
"Erronka handi bat, eta, aldi berean, aukera bat izango da Principalen erreforma"
Hamaika jarduera dago egunero Gasteizen, hamaika jaialdi, baina ba ote du norabide argirik? Zeri ematen zaio lehentasuna Gasteizen?
Zerbitzu publikoa lehenesten da, baina herritarren gozamenaren ikuspegitik. Betiere oreka mantenduz; ezin dugu egunero jaialdi bat asmatu, baina kontrakoa ere ez dugu nahi, garai batean esaten zen "hiri aspergarria" ere ez dugu nahi. Uste dut kalitate handiko ekitaldiak eta kultur jarduerak antolatzen ari direla, ez bakarrik kultura sailetik, eta funtzionatzen dutenak. Publikoak parte hartzen du, eta, gainera, eskatu egiten ditu. Azkena Rock dugu, esate baterako, etxetik ez ezik, Estatu osotik eta Europako beste toki batzuetako lagunak ere erakartzen dituena, ezinbesteko hitzordua. Eta gauza bera esan dezakegu Jazzaldiarekin, eta beste maila batean Kaldearte edo bestelako jarduerekin. Monterhermoson, esaterako, Basterretxearen Euskal serie kosmogonikoa erakusketa dugu, Bilboko Arte Ederren Museoak laga digun saila, eta oso ondo funtzionatzen ari da. Hau da, gasteiztarrei kalitatea eskaintzen bazaie, oso ondo erantzuten dute. Edozer gauza ere ez dute nahi. Eskatzen dakien publikoa daukagu, erantzuten duena eta kulturalki oso heldua.
Larrua konpainiako kide batek duela gutxi ALEAri kontatzen zion igaro duten urte txarra, ikuskizunak taularatu ezinik. Dantza sektoreko puntako talde baten ahotik hori. Plana prestatzean, nabaritu duzue sektorearen ezinegona eta prekarietatea?
Prekarietatea ez, baina kezka bai. Kezkagarria da, agian, proiektu batzuen laguntza faltagatik, bidean erori diren laguntzengatik, arte eszeniko edota ikus-entzunezko taldeetan. Kultura sailera etortzen dira eta horri buruz hitz egiten digute. Eta gu saiatzen gara erantzun bat ematen hiri honetan dauden talentu eta apustu guztiei, aurrekontuan eta langile teknikoetan ditugun mugen barruan noski. Larrua proiektua zehazki ondo ezagutzen dut, ezagutu eta berehala bilera izan nuen haiekin etorkizuneko planez hitz egiteko, eta, beste proiektu asko ahaztu gabe, luxu bat da Larrua hiri honentzat; talentuaz gainera, pasioa jartzen dute egiten duten horretan, eta nabari zaie. Konpainia hauek zaindu eta indartu egin behar dira. Zinegotzi hasi eta gutxira, gugana heldu zen Tartalo izeneko beste proiektu bat, ordura arte kasu gehiegirik egin ez ziotena, "erokeria" bat izan zitekeen proiektua; arriskatzea pentsatu genuen, eta uste dut asmatu genuela, aurten egingo da bigarrena. Uste dut arreta handiagoz entzun behar zaiela, denbora gehiago eskaini eta proiektu bakoitzari behar duen laguntza eman.
Laster hasiko dira Principal antzokiko lanak, hurrengo 30 hilabeteetan luzatuko direnak.
Erronka handia da guretzat. Saiatuko gara publikoa ez galtzen, eta horretarako garrantzitsua da ikusleek beren espazioa eta formatuak bermatuta izatea. Antzerkiari dagokionez, eman dudan irizpidea da programazioaren kalitateari eusten saiatzea, hau da, ahalik eta antzerki programaziorik onena egitea, edozein ekipamendu ixteak dituen ondorioak kontuan hartuta. Antzerki obrak gizarte etxeetako antzokien artean banatuko dira, Felix Petite antzokiari lehentasuna emanez, eta kontzertuak eta beste hainbat jarduera Europa jauregira bideratuko dira. Ahalegin handia egingo dugu aldaketa horiek guztiak jakinarazteko, eta, batez ere, herritarrak animatzeko, uler dezaten Principalen obra handiaren ondorioz askoz ere antzoki modernoagoa izango dugula, seguruagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa izango dena.
Ez horren dotorea, akaso?
Proiektuaren diseinatzaileek diotenez, Idom ingeniaritza taldekoek, ahalegin handia egin dute estetika italiarra mantentzeko, besaulki granateekin, antzokian sartzen garenean betiko antzokian sartu garen sentsazioa izateko. Betikoa izango da, baina askoz berrituagoa, teknologikoagoa, seguruagoa, eskuragarriagoa.
"Nire konpromisoa da Iradierri konponbide bat ematea; lanean ari gara, diskrezioz"
Principalen lanak egitearekin batera, Iradier plaza egokitzen hasteko momentua izango dira hurrengo hilabeteak?
Lanean ari gara, diskrezioz. Uste dugu diskrezio faltak batzuetan bertan behera utz dezakeela proiektu bat, eta kasu honetan diskrezio handiz lan egitea erabaki dugu. Gaur gaurkoz, 10.000 leku inguruko zezen plaza bat dugu, leku bikain batean, eta, zalantzarik gabe, hiri honen motore dinamizatzailea izan daitekeena. Nire konpromisoa da konponbide bat ematea. Argi dago Gasteiz ezin dela kanpoan geratu inguruko hirietako kontzertu zirkuitotik, eta horri irtenbide bat emateko lanean ari gara. Erritmo onean ari gara lanean, baina momentuz nahiago dugu diskrezioz egin egin beharrekoa.
Horren aurretik, berehala hasiko dira Andre Maria Zuriaren jaiak.
Jai ederrak izaten saiatuko gara. Gasteizko jaiak oso herrikoiak dira, parte hartzaileak, kalean bizi dira, eta hori nabari dute kanpotik datozenek ere. Horri eusten ahaleginduko gara, besteak beste, familiako txikientzako espazioekin edo Foruen plazako kontzertuekin. Pertsona guztientzako lekua izatea nahi dugu, eta eroso sentitzea. Ezezagunagoak diren txokoen artean, adibidez, Ur Lorategi Sekretua izango dugu, hainbat ekitaldirekin, eta merezi du horiek nabarmentzea eta arreta pixka bat eskaintzea, herritarrek probatu, ezagutu eta aukeratzen joan daitezen. Denetarik egongo da gustu guztietarako. Jaiak adiskidetasunez eta errespetuz ospatzea espero dut.
Aurten ere ez da emakumea izango Zeledon...
Egunen batean emakumea izango da. Zergatik ez? Ez dut uste arazorik izango denik. Baina, gaur gaurkoz Iñaki Kerejazu aukeratu dute blusek eta neskek, eta oso ondo dago. Uste dut ez direla gauzak behartu behar. Gauzak aurrera doaz, denbora aurrera doa, eta uste dut gizarte oso heldua dugula. Emakume batek gorpuztu izan balu Zeledonen irudia, Zeledon edo Zeledona moduan, begirune handiz hartuko zukeen udal honek, kasu honetan gizon bat izateko eta Kerejazu izateko erabakia hartu duen bezala.
"Txosnak oso ondo antolatuta daude. Txosna batzordeak badaki nola egin behar diren gauzak"
Udalaren erronketako bat blusa eta nesken federazioa eta komisioa batzea izan da, baina azkenik ez da posible izan.
Bateratzea ez da inoiz helburua izan, hori argi utzi genuen hasieratik. Helburua blusa eta neska kuadrillak mahai baten bueltan esertzea izan da, euren artean hartu-emana izatea, eta elkarguneak topatzea, jaiak giro onean ospatu ahal izateko. Elkarrizketa izan da, elkarguneak izan dira, eta aurrerapausoak izan dira, beraz, arrakastatsua izan dela esan dezakegu.
Txosnetako afera konpontzeko beharrezkoa izango ote da bitartekaritza, blusa eta neskekin egin moduan?
Ez, txosnak oso ondo antolatuta daude. Urte asko dira, eta txosna batzordeak badaki nola egin behar diren gauzak. Udaletik, kontzertu eta agertokiekin babesa ematen diegu, baina haiek beraien arauak dituzte, beraien irizpideak, eta ondo koordinatuta daude. Kolektibo batek txosna bat paratu nahi duela eskatzen duenean, guk, udaletik, espazioa kudeatzen duenarekin hitz egin behar duela esaten diogu; txosna batzordearekin, alegia. Eta batzordeak erabaki beharko du elkarte berri horrek txosna bat, bi edo lau izan ditzakeen. Gure ustez, txosna eremuan egon nahi duenak eremu horretako arauak bete behar ditu.
Noiz izango da euskara zeharlerroa jaialdi eta jarduera guztietan?
Uste dut euskara badela gaur egun zeharlerroa jaialdi eta ekitaldi guztietan, nahiz eta hutsune asko izan ditzakeen. Ziurrenik asko falta da egiteko, baina udaletik hori indartzen eta sustatzen ari gara. Principalen, esate baterako, hainbat obra eskaintzen dira euskaraz eta Montehermoson ere euskaraz dugu programazioa. Hemendik aurrera, gainera, euskarak aukera interesgarria izango du Izaskun Arrue Kulturgunean. Euskararen aldeko apustua argia da programazioan, eta ematen ari diren pauso guztiak bide horretan doaz.
Legealdia nola amaitu nahiko zenuke? Zer helburu?
Hasieran hartutako konpromisoak bete direla esatea gustatuko litzaidake legealdi amaieran. Agindutako hitza eta konpromisoak betez, edo behintzat bideratuta utziz.