Bi urteko atzerapenarekin bada ere, bere irekiera eguna ospatu du Izaskun Arrue Kulturguneak. Erakunde publikoetako ordezkaritza zabalarekin, euskalgintzako eragileetako babesarekin eta herritarren jakinmin gosez ateak ireki ditu, azkenik, Gasteiz Antzokiak.
Edurne Azkarate aktoreak gidatutako ekitaldian, Lukas Etxeberria Lazarraga Kultur Elkarteko lehendakariak "euskaraz bizi ahal izateko" espazio berri honi ongi etorria eman die bertaratutakoei. "Euskal kulturak eta sortzaileek behar duten" gunea izango dela nabarmendu nahi izan du Etxebarriak, "euskaldun zein euskaldunak ez diren horiei" irekita egongo dela gaineratuz.
Maider Etxebarria alkatearekin batera, erakundeetako ordezkaritza zabala izan da irekiera ekitaldian, udaleko zein aldundiko talde politiko ezberdinetako ordezkariak horien artean. Horrez gain, Libe Garcia de Cortazar, Mikel Urdangarin eta Iñigo Etxezarreta izan dira Gasteiz Antzokian lehen musika doinuak eskaintzeko ardura hartu duten musikariak.
Hasierako jarduerak
Gasteizko jaietan familia jarduera egingo dute abuztuaren 6an, 11:00etatik aurrera. Prospero Teatrok girotua, egunerokotasunean botatzen ditugun gauza eta objektu birziklatuekin sortutako jolasekin arituko dira gaztetxoak.
Halaber, hainbat deialdi jarriko dituzte martxan uztailaren 22tik aurrera. Taulara, formatu txikiko antzerki obra eta bakarrizketentzako deialdi irekia. Muina, kultura jardueraren bat gauzatu nahi duen herritar ororentzat zuzendutako proposamen poltsa. Eta Egin Leku, musikari hasiberrientzako plaza.
Opor ostean, iraileko bigarren astetik aurrera udazkeneko programazioa jarriko dute martxan, eta diziplina ezberdineko jarduerak ikusteko eta gozatzeko aukera egongo da, euskara elementu eroale: musika eta arte biziak, familia jarduerak, zinema eta ikus-entzunezkoak, deialdiak eta hezkuntzari eta ezagutzari lotutako orotariko ekimenak egingo dira. "Izan ere, Izaskun Arrue Kulturgunea Oihaneder Euskararen Etxearen erreleboa hartzeko jaioko da. Eta kultura ekipamendu bat izatetik harago, Oihanederren errotzen hasitako Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia uztartuko dira egitasmo bakarrean", azaldu dute.