Gaur 10:30erako etxegabetzea zegoen deitua Salburua Bulebarrean. 9:00etatik han zegoen polizia, eta goizean zehar hogeita hamar bat lagun bildu dira etxe parean, etxegabetzea gelditzeko asmoz. Sarrailagilea eta ordezkari judizialak garajetik sartu dira eraikinera, eta Udaltzaingoaren laguntzaz kaleratu dituzte etxe barruan zeuden Etxebizitza Sindikatuko kideak eta familia bera. Sindikatuak jakinarazi duenez, familiak etxegabetze aginduaren berri izan zuenean hurbildu zen haiengana, eta maiatza amaieran lortu zuten etxegabetzea atzeratzea, baina bi hilabete baino gutxiagoan bota dituzte etxetik azkenean.
Azken bi hilabeteetan Etxebizitza Sindikatuak oso antzeko sei kasu jaso ditu. Iruzurra egiten diete familiei, eta Alokabiderenak diren etxeak berriz alokatzen dizkiete jatorrizko maizterrek. Familiari alokatzen dietenerako bizileku horren aurkako etxegabetze prozesua hasia egoten da jadanik, eta sartu berri den familiak bizitzen hasi eta gutxira jakiten du etxetik kanporatuko dituztela, nahiz eta haiek ordaindu duten alokairua. Familia hauek prozesu judizialean agertzen ez direnez, ez zaie jakinarazpenik heltzen, eta behin baino gehiagotan gertatu da "polizia etxe aurrean zeukatenean jakin dutela etxegabetzeari buruz", Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez.
Alokabide eta iruzurgileen erantzukizuna
Etxebizitza Sindikatuak Alokabideren arduragabekeria salatu du, gaur etxegabetutako familiaren kasuan zein beste kasuetan ere. Iruzurra tarteko, familia zaurgarriak inolako alternatibarik gabe etxegabetzen dituztela ohartarazi dute. Etxegabetzea ia bi hilabetez atzeratu zen sindikatuko kideen ekinbidez, baina denbora horretan ere ez du familiaren ongizatea bermatzeko neurririk hartu, "jakinaren gainean bazeuden ere". Etxebizitza Legeak agintzen du erakunde publikoek gizarte zerbitzuei jakinarazi behar dizkietela halako kasuak, familiaren zaurgarritasuna ebaluatu dezaten, baina ez da halakorik gertatu, sindikatuak salatu duenez. Gizarte zerbitzuek eskainitako laguntza oso urria dela ere kritikatu dute.
Alokabideren etxeak berriz alokatzen dituzten iruzurgileen papera ere salatu du Etxebizitza Sindikatuak. Familien egoera zaurgarriez "probetxua ateratzea" gaitzetsi dute, eta "jarrera antiproletariotzat" jo dituzte halako iruzurrak. Poliziaren rolari ere kritika egin dio sindikatuak, esanez "jabetzak bermatzen dituztela, familiak kalean utziz".
Gedar hedabideak protestaren eta udaltzainen oldarraldien bideoak argitaratu ditu.